Donostia Zinemaldia

Aitor Arregi: "Indartuta irten da 'Loreak' Zinemalditik"

Txomin Madina Milikua 2014ko ira. 28a, 08:01
Aitor Arregi, 'Loreak' pelikularen estreinaldian.

Izandako harrera beroak itxaropenerako ateak zabaldu bazituen ere, azkenean ezin izan da: Donostiako 62. Zinemaldiko palmaresetik kanpo geratu da Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako 'Loreak' pelikula, orain arte Sail Ofizialean lehiatu den euskarazko film bakarra. Pelikulan gidoilari eta ekoizle lanak egin dituen Aitor Arregirekin hitz egin du Goienak.

"Atzo arratsaldera arte kinieletan zegoen Loreak, eta pena apur bat eman digu saririk ez irabazteak; baina uste dut pelikula indartuta irten dela", dio Aitor Arregi oñatiarrak, pelikulan gidoilari eta ekoizle lanak egin dituenak, sari barik geratzearen inguruan. Zinemaldian bizitakoa, baina, maila askotan ikusgarria izan dela gaineratzen du, eta balantzea, ''oso ondotik gorakoa" dela dio.

Urriaren 31an helduko da Euskal Herriko eta Espainiako zinema aretoetara pelikula, eta A contracorriente izango da banatzailea. "Berme bat da eurek estreinatzea, ez dute-eta edozein pelikula hartzen. Intocable, esaterako, eurek estreinatu zuten".

Zinema jaialdiak dira pelikulak hartuko duen bigarren bidea. Gaur bertan Zurichera abiatu dira Loreak-en zuzendariak pelikula hango jaialdian aurkezteko, eta laster Londreskoan ere egongo dira. "Duen profilagatik, badirudi Loreak-ek jaialdietan ibilbide polita izan dezakeela. Horri garrantzia ematen diogu, pelikula ezagutarazteko eta banatzaileak lortzeko balio duelako", dio Arregik. Loreak-en bidea, beraz, hasi besterik ez da egin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak