Zinez beteriko bederatzi egun eta gero, iritsi da saria emateko eguna. Kursaala izarrez bete da, eta asko izan dira itxiera gala bertatik bertara jarraitu nahi izan dutenak. Gaurkoa ez da gala erraz bat, epaimahaiak bere sariak jakitera eman ditu-eta. Orokorrean jendeak ongi jaso du palmaresa, baina gehienek 'Loreak' kanpoan geratu izanda ez dute guztiz ulertu.
Fernando Bovaira, epaimahai ofizialeko presidenteak, Carlos Vermut zuzendariaren indarraz hitz egin du Urrezko Maskorra emateko arrazoiak zerrendatzean.
PALMARES OFIZIALA
Film onenaren, Urrezko Maskorra: 'Magical girl'.
Pedro Hernandez (ekoizlea): "Oso emozionatuta gaude eta Sail Ofizialeko gainontzeko filmak ikusi eta gero, sari hau ikaragarria izan da".
Epaimahaiaren sari berezia: 'Vie Sauvage'.
Cédric Kahn (zuzendaria): "Sari bat jasotzea oso pozgarria da, film bat egitea oso nekeza baita".
Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra: Carlos Vermut ('Magical girl').
Carlos Vermut: "Hirian izan dudan ongietorria izugarria izan da. Zinea bidai handi bat da eta nik jende izugarriarekin bidaiatzeko aukera izan dut".
Emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra: Paprika Steen ('Stille Hjerte').
Paprika Steen:"Nire zinemaldi gustukoena da. Ohore bat izan eta epaimahai ofizialari eta gidoilari eskarrak eman nahi dizkiot. Eskerrik asko nire adineko emakumeendako lanak idazteagatik".
Gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra: Javier Gutierrez ('La isla mínima').
Raul Arevalo (filmeko beste aktorea): "Sarituen zerrenda ikusita hankak dantzan jartzen zaizkit. Filmaren talde osoarekin partekatu nahi dut sari hau".
Argazki onenaren epaimahaiaren saria: Alex Catalán ('La isla mínima').
Alex Catalán: "Argazkia baino, filmaren atmosfera saritu dute, eta lan hori talde osoarena izan da".
Gidoi onenaren epaimahaiaren saria: 'The drop' (Denis Lehane).
Michael R. Roskam (filmeko zuzendaria): "Oso pozik nago, sariak Donostiara bueltatzeko aukera eman didalako".
GAINERAKO SARIAK
Epaimahai ofizialak ematen dituen sariez gainera, beste hainbat sari ere eman dira itxiera galan.
Gazteriaren saria: Güeros (Mexiko).
Euskal zinemaren Irizar saria: ¡Negociador', Borja Cobeaga.
Publikoaren saria: 'The salt of the earth' (Wim Wenders, Juliano Ribeiro Salgado).
Europar filmaren saria: 'Realtos salvajes' (Damian Szifrón).
Kutxa-zuzendari berriak saria: 'Urok' (Bulgaria-Grezia).
NIRE USTEZ...
Zaila da zazpi pertsonez osatua dagoen epaimahai batekin erabat ados egotea, baina niri ez zait oso palmares arraroa iruditu. Magical girl gustuko izan nuen film bat zen, baina bi sari ematea gehiegitxo ote den galdetu diot nire buruari behin eta berriro.
Hala ere, bi bidegabekeria aipatu gura nituzke. Batetik Loreak filma esku hutsik utzi izana ez zati batere justua iruditu, eta, bestetik, Raul Arevalo palmaresetik kanpo lagatzea ere ezin da ulertu. Azken honek, gainera, lan zaila izan du, bere lankidearen izenean jaso behar izan baitu, neurri batean, berea ere baden Zilarrezko Maskorra.
Guztia, baina, ez da txarra izan 62. Donostia Zinemaldi honetan. Rebordinos gero eta egonkortuago dago, eta aurtengo Zinemaldiak izar eta kalitatearen arteko oreka lortu du. Ea hurrengo urterako erakunde publiko eta pribatuek euren apustu ekonomikoa areagotzen duten eta are eta Zinemaldi borobilagoa egiteko aukera dagoen.