Arizmendi kirol elkarteak emakumezkoen hiru talde ditu aurten, baita futbol eskola ere. Taldeak dira: lehenengo mailako infantilak, Igor Eskibel eta Juan Ramon Zubizarreta entrenatzaileekin; ohorezko kadeteak, Ikerne Urtzelairen aginduetara; eta lehenengo mailako erregionala, Aritz Elortzak zuzenduta. Futbol eskolako jokalarien ardura, ostera, Igor Jauregik du.
Irabaztea baino gehiago
Erregionaleko jokalariek ondo ezagutzen dute maila, eta iaz oso denboraldi polita egin zuten. Ohorezko kadeteek, ostera, maila estreinatuko dute eta partidu zailak dituzte aurrez aurre.
Urtzi Amianoren, kirol elkarteko koordinatzailearen esanetan helburua da kategoria guztietan "ahalik eta gusturen" egotea jokalariak, eta entrenamenduak eta partiduak egoera "ahalik eta duinenetan" jokatzea. Hirugarren helburu bat gaineratu du: "Partidu guztiak ahalik eta gehien lehiatzea, irabaztea helburu bakarra izan gabe, baina duen garrantzia emanda".