Donostia Zinemaldia

Fantasia eta errealitatearen alde gogorrenak

Imanol Gallego 2014ko ira. 25a, 19:47

'Lasa eta Zabala' filmeko taldea.

Lasa eta Zabala ikusteko izandako bi paseetan ozen entzun dira jendearen txaloak. Ikusle mordoekin batera, lehen emanaldian Cristian Merchan (Zabala) eta Jon Anza (Lasa) aktoreak. Lehiaketan parte diren Magical girl eta Tigers filmak ere estreinatu dira.

Pablo Maloren Lasa eta Zabala filma ikusteko gogo handia zegoen, eta goizeko bi paseak bete egin dira. Filma hasi orduko, zuzendariak argi laga du, dramatizatutako benetako istorio bat dela. Gaia ez da batere erraza, eta istorioak euskal gizartearen heldutasuna erakusten du, "atzera begiratzea gogorra den arren, egin beharreko zerbait da. Gizarte batentzat ilunak diren pasarteak gogoratzea heldua dela esan nahi du", zioen kazetari batek.

Malo ez da gidoitik irten eta sumarioan oinarritu da, ikuspuntuetatik aldentzeko, hala ere, ziur nago, film honek eztabaida eragingo duela. Esan moduan, filma ez da sentimenduetan entretenitzen, eta Iñigo Iruin (Unax Ugalde) izango da istorioaren haria daramana. Prentsaurrekoan karikatura hitza irten den arren, zuzendariak argi utzi du, gertaeren kontaketa zehatza egin nahi izan duela.

Film hau egiteko, Malok, debagoiendar ugariren laguntza izan du. Kepa Errastik, bukaera gogorra duen pertsonaia labur bat dauka, Mariasun Pagoaga aldiz, Lasaren ama da eta filmaren testuinguruari mesede handia egiten dion argazkiaren arduraduna Aitor Mantxola oñatiarra da. Horrez gain, eta historia apur bat eginez, Oñati ere aipatzen da.

Lehiaketaren barruan

Magical girl izan da eguneko proposamen originalena. Fantasiaz betetako kontakizuna da, beti ere, errealitateak duen ukitu hotzarekin. Carlos Vermut zuzendariak zerikusirik ez duten bi familien istorioarekin hasiko du kontakizuna, baina apurka-apurka, bi familiek bat egingo dute.

Pertsonaia guztiak xantaia ilunen sare batean harrapatuta geratuko dira, non sena eta arrazoia tragikoki borrokatuko diren. Azpimarratzekoa Jose Sacristanek egiten duen papera, baina zilarrezko maskor bat duenez, esku hutsik bueltatuko da etxera, hala ere, sariren bat jasotzeko aukera asko ditu.

Tigers aldiz, errealitatean oinarritzen da, behin eta berriro errepikatzen den errealitate bidegabeko honetan. Ayam botika saltzaile xume bat besterik ez da, nazioarteko enpresa handi baten jokoan sartu eta diru asko irabazten hasiko da. Bere produktuak baina ez dira uste bezain onak.

Saltzaile izateari utzi, eta kasua salatzen saiatuko da. Laster konturatuko baina, enpresa handien sustraiak oso urrun iristen direla. Filma osorik Pakistanen errodatu da eta hilzorian dauden umeen pasarteak oso gogorrak dira.

Oscarretarako bidean

Aurreko urteko zinemaldian lehiatu zen David Trueba zuzendariaren Vivir es fácil con los ojos cerrados filma aukeratu du Espainiako Zinema Akademiak Oscarretan atzerriko film onenaren kategorian Espainia ordezkatzeko hautagai modura.

Aurtengo Goya Sarietan protagonista handietako bat izan zen Truebaren lana; guztira sei Goya eskuratu baitzituen. Truebak zuzendari onenarena jaso zuen, eta aktore protagonista onenaren goya eskuratu zuen Javier Camarak lehen aldiz. 

Bi izar handi

Jessica Chastainek Donostia liluratu eta gero, bere konpromisoek behartuta aurkezpen birarekin jarraitu behar izan du, baina aurtengo zinemaldian ez dago atseden hartzeko astirik. Arratsaldean iritsi da Los juegos de hambre filmeko Josh Hutcherson aktorea Maria Cristina hotel aurrean zeuden zaleen eromenerako.

Benicio del Toro, aurtengo bigarren Donostia saria bihar iritsiko da Donostiara. Dudarik gabe baina Zinemaldi bukaerako sarrera ikusgarriena Orlando Bloom aktoreak egingo du. Donostia Zinemaldiak aurreratutakoaren arabera, Bloom Donostiara motor gainean iritsiko da-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak