Donostia Zinemaldia

Agerikoak diren ezkutuko sekretuetan murgildu da Zinemaldia

Imanol Gallego 2014ko ira. 24a, 19:26

Leonardo Sbaragliak goizean aurkeztu du 'Aire libre'.

Guztiok ezkutatu arren agerikoak diren sekretuez jardun du gaur Sail Ofiziala. Bikote baten arazoak, ezinezkoa den amodioa, drogak... oso ikuspuntu ezberdinak ikusteko aukera izan den arren, orokorrean jendeak hotz hartu ditu hiru filmak.

Kontatzen ez direnak, inkomunikazioa, belaunaldien arteko harremanak, amodioa, denbora, jeloskortasuna... egunerokotasunean oso presente dauden gaiak jorratu dituzte lehiaketan parte hartzen duten Aire libre, Félix et Meira eta Eden filmek.

Leonardo Sbaragliak Donostiara ekarri duen Aire libre filmak ez gaitu asebete. Anahi Berneri argentinarraren lehen filma da, eta bere asmoa ikusi egiten den arren ez du helburua lortzen. Luciak (Celeste Cid) eta Manuelek (Leonardo Sbaraglia) osatzen duten bikoteari begiratzen dio.

Bikoteak etorkizunik ez duen arren, behin eta berriro berradiskidetuko dira. Seme bat izan arren, etxeak lotzen baititu. Esan moduan, asmo onez egindako filma da eta Sbaragliaren lana ez da batere txarra, baina gidoia oso errepikakorra da, eta oso luzea geratzen da.

Félix et Meira filma ere bikote kontuetan murgiltzen den arren, oso bestelako lan bat da. Kasu honetan amodioa, erlijioa, desioa, pasioa... nahasten egiten dira. Meire (Hadas Yaron), bere bikotearekin gaizki dagoen emakumea da. Bere senarraren erlijiotasun eta zorroztasuna ito egiten du eta nahi gabe interesgarriagoa dirudin gizon batekin egingo du topo.

Istorioak bere interes puntua dauka, baina nire ustez Hadas Yaron antzezlearen lana oso ona da. Itolarrian dagoen emakume bat izatetik, asko dagoen emakume bat izatera egiten dituen saltoak oso onak dira. Kontraesanez betea dagoen emakume bati bizia ematea ez da lan erraza. Tamalez, amaierak zapore arraroa laga du kazetari eta ikusleen artean.

Mia Hansen-Løve zuzendariak Donostiara ekarri duen Eden filma proposamen kuriosoa da. Parisko musika elektroniko filmaren ardatza den arren, atzean nerabezaroa, heldutasuna, drogak... azaltzen dira. Egia da musikak garrantzi handia duela, eta filmean igarotzen diren 20 urteetan izandako aldaketa ikusteko erreminta originala da. 

Filmak Paul, DJ gaztearen, bizitza kontatzen duen arren, bigarren mailako pertsonai ugari ditu. Horregatik gai guztiak oso azaletik lantzen dira. Urteak pasa ahala, gainontzeko lagunek aurrera egiten duten bitartean Paul, nerabezaroan geratuko da. Horren arrazoiak hobeto lantzea falta zaio film honi.

Ahaztu baino lehen, Pedro Almodovar arratsaldean iritsi da Donostiara. Eguen eta egubakoitzean aldiz Orlando Bloom eta Josh Hutcherson aktoreak etorriko dira, baita aurtengo bigarren Donostia saria den Benicio del Toro.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak