Tenporak epe luzerako eguraldia iragartzeko erabiltzen diren bide tradizionalen multzoa dira. Astebetean zehar egiten duen eguraldia ondo aztertzen da eta egun horietan egin duen eguraldiaren arabera, ondorengo hilabeteetan zein eguraldi egingo duen iragartzen da. Atzo, martitzena, sartu ginen udazkenean eta gaur, eguaztena, amaitu da tenporen astea. Azken astean egin duen eguraldia kontuan hartuta, beraz, halako udazkena izango dugula iragarri du Pello Zabala eguraldi aditu eta frantziskotarrak: “Udazken goxoa eta polita espero dut. Utzi duen bakeosotasun hori eta haize bortitzik ere ez da egon… orduan espero dut udazken goxo horietakoa izango dugula. Euskal Herrian izaten dugun horietakoa ematen du izango dugula. Baita ere fruituak ondu eta baratzeko lanak bere onera ekartzeko horietakoa”.
Eta horrelako eguraldia iragarri du Zabalak, tenporen astean gorabehera handirik ez delako egon, eguraldiari dagokionez: “Koska handirik ere ez da izan. Euria oso modu onean egin zuen astelehenean eta haizea oso suabe ibili da. Beroa izan dugu hasierako egunetan eta gero freskatzen joan da .”
San Migel jaietan, eguraldi ona
Asteburuan ospatuko diren San Migel jaietarako ere, eguraldi ona iragarri du Zabalak: “Esaten da beti Sanmigeletan euria ere ez dela falta izaten, baina hasi oso poliki hasiko da, eguzkitsu, gainera, epel. Bero ere bai garai honetarako, 30 gradutara iristen ez bada ere hortxe-hortxe ibiliko da. Baina horrek bai ekarriko duela ekaitzetarako joeratxoa. Baina hori eguna bukatzerakoan nola izaten den eta toki guztietan ere ez, agian domekan, astelehenean edo martitzenean ekaitzetarako joera izango da, gainerakoan euria egunez ez du egingo. Oso suabe eta oso ondo joango da”.
Informazio gehiago, biharko 'Debagoiena zuzenean' saioan
Tenporen gaineko eta udazkenean egingo duen eguraldiari buruzko informazioa gehiago emango du Zabalak bihar, eguena, egingo den Debagoiena zuzenean saioan iluntzeko 20:00etan, 21:00etan eta 22:30etan.