Mikel Losada: "Pertsonaia honekin kontentzioa landu behar izan dut"

Txomin Madina Milikua 2014ko ira. 25a, 00:00

Mikel Losada.

35 urte dituen Ermuko aktoreak ume lapurtuei buruzko 'Tres mentiras' pelikula estreinatu berri du; eta, antzerkia alde batera utzi gabe, beste bi pelikula ere filmatu ditu.

1. Ez da nolanahikoa Tres mentiras pelikulan lantzen duzuen gaia...

Ez da, ez. Oso gai interesgarria da. Egon dira gaiaren inguruko telesailak-eta, baina pelikulan beste era baten lantzen da. Harritu egin nau halako kasuak ezagutzen dituen zenbat jende dagoen inguruan.

 

2. Erantzukizun berezia sentitzen du batek horrelako proiektu baten parte hartzean?

Nire lana aktorea izatea da,  ez daukat horrelako erantzukizunik: fikzioa egiten dut; gidoia pasatzen didate eta hori egiten dut. Norbaiti ondo badatorkio, ondo.

 

3. Anjel ertzaina zara pelikulan. Nolako prestakuntza eskatu dizu?

Zaila izan da, pertsonaia honek ez ditu-eta bere emozioak azaltzen. Normalean beste era bateko pertsonaiak egin ditut, dena kanporantz azaltzen dutenak. Hemen kontentzioa landu behar izan dut.

 

4. Urtebete pasa da filmatzea bukatu zenutenetik estreinaldira. Nola eroaten dituzu itxaronaldiok?

Ahaztu egiten zara. Beti gura duzu  ikustea pelikula nola geratu den eta zure lana nolakoa izan den. Luzea izan da, baina estreinatu delako pozik gaude!

 

5. Nola egin gaur egun jendea zinema aretoetara erakartzeko?

Atzetik telebista kate bat ez baduzu, zaila da. Guk beste gauza bat dugu: pelikula on bat egin dugula uste dugu, eta Goya saria duen Nora Navas ere hor dago. 

 

6. Aktore baten curriculumean ohikoak dira antzezpenetik kanpo egindako lanak. Zurean ere bai?

Ez, soilik honetan egin dut lan. Zortea izan dut: 17 urterekin lehen kontratua izan, eta orain arte. 

 

7.  Nola definituko zenuke orain bizi duzun momentu profesionala?

Gure lana ez dago erraza, BEZarekin jipoitu gaituzte. Badu gauza onik: orain mugitu beharra dugu, geure proiektuak egin... Ni une onean nago: alokairua ordaintzen dut, zinea eta antzerkia egiten dut, nire proiektuekin ere banabil... 

 

8.  Orain artean egindako zein pertsonaiak erakutsi dizu gehien?

Denetatik, baina oso pozik nago Fausto ciudadando ejemplar antzezlanarekin: demokrazia ustel honi eta humanitate kontuetan egon den balio galerari buruz egiten dugu berba, eta asko ikasi dut. 

 

9. Zinea, telebista, antzerkia. Zer da bakoitzaren onena?

Antzerkian, publikoa gertu duzu, eta egun baten gertatzen dena hor bakarrik gertatzen da. Zinean, lana erlaxatuagoa da, diru gehiago ematen du eta jendeak uste du aktore hobea zarela. Telebistak dirua ematen dizu, eta beste biak egiteko fama. Hirurak gustatzen zaizkit. 

 

10. Askorentzat, Kutsidazu bidea Ixabel-eko Juan Martin izango zara oraindik ere...

Bai, baina ez dit ardura: asko maite ditut pelikula eta pertsonaia. 

----------

Makila magikoa baneuka: "Denbora batez, aberatsak pobre bihurtuko nituzke, eta alderantziz; horrela, mundua pixka bat aldatuko litzateke"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak