Erreferenduma Eskozian

Eskoziarrek ezetz independentziari

Maialen Torres 2014ko ira. 19a, 11:34

Botoen %55,3 eskuratuta, ezezkoak irabazi du Eskoziako independentziari buruzko galdeketan. Gainera, inkestek aurrikusi baino alde handiagoa atera diote batasunaren aldekoek baiezkoari, hamar puntukoa hain zuzen ere. Beste datu azpimarragarri bat parte hartzearena izan da, %85ekoa izan baita, Alex Salmond Eskoziako ministro nagusiaren arabera, historiako edozein galdeketetan izan den altuenetakoa.

Eskoziako 32 barrutietatik, lautan bakarrik irabazi du baiezkoak. Horietako bat Glasgow izan da, Eskoziako hiri jendetsuena, baina hori, esan bezala, ez da nahikoa izan ezezkoari irabazteko.

Edonola ere, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak independentziaren alde bozkatu dutenei esan die haien ahotsa entzun duela, eta aukera izango dutela orain gobernu eredua aldatzeko. Parlamentu eskoziarrari eskumen gehiago ematea aurrikusi du lehen ministroak, eta azarorako xehetasun guztiak finkatu ostean, urtarrilerako eskuduntzen nondik norakoak finkatuko dituen legea kaleratzea espero dute.

Horrez gain, Gales eta Ipar Irlandari ere egin die erreferentzia Cameronek, indarrak orekatzeko beharra dagoela esanez, eta hauek ere eskuduntza gehiago izango dituztela ziurtatu du. Honela, eskuduntzen transferentzia eta Erresuma Batuaren deszentralizazioa suposatuko duen erreforma finkatu du urtarrilerako.

Salmondek, bere aldetik, porrota onartu eta herriaren epaia errespeta dadin eskatu du. Horrez gain, dei argia egin die politikari britaniarrei, kanpainan egindako promesak bete ditzatela aldarrikatuz.

Gurera, berriz, atzoko egunez ere iritsi zen dagoeneko erreferendumaren ohiartzuna eta bailarako hainbat herritan batu zen jendea talde desberdinek deituta. Besteak beste, Oñatin, Gure Esku Dagok antolatuta, jende ugari bildu zen herriko plazan egindako elkarretaratzean. Eskoziako erreferendumaren egunean, Euskal Herriko egoera ekarri nahi izan zuten gogora, eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak