"Munduko Txapelketa ondo prestatu dudala uste dot, sentsazio hori daukat eta Vueltan ez egoteak freskotasuna eman dit. Kontrara, baina, Espainiako Itzulia lasterketa aproposa da mundiala prestatzeko, eta akaso, erritmo falta izango dut. Zalantza horiek baditut, baina ondo nago", adierazi berri dio Goienari Markel Irizarrek, Ponferradatik (Leon) bertatik.
Taldeaz eta selekzioaz
Domekan taldekako erlojupekoan izango da: "Printzipioz aurrean egoteko moduko taldea dugu, tartean dago Cancellara, esaterako, baina iaz ere gauza bera uste nuen, eta bosgarren egin genuen, hortan...". Egun hauek, besteak beste, zirkuitua bertatik bertara ikusteko aprobetxatu ditu: "Lan ona egin dute antolatzaileek, asfalto ona da eta zirkuitua atsegin dut. Batzuetan ibilbide teknikoak-eta izaten dira. Oraingo hau, berriz, espezialistendako da, edo indarra duzu, edo...".
Minguezek aukeratutakoen artean
Hala, Javier Minguez hautatzaileak eguerdian bertan eman du Espainiako selekzioa ordezkatuko dutenen zerrenda, eta bakarkako erlojupekorako Jonathan Castroviejo (Movistar) eta Markel Irizar (Trek Factory Racing) aukeratu ditu: "Lan ona egitea espero dut, nahiz eta badakidan gure gainetik izen handiko espezialistak dauden. Munduko Txapelketan parte hartzea beti da berezia, eta lasterketaz gozatu nahi dut".
Minguezek emandako zerrendan daude, bi ziklista horiekin batera: Alejandro Valverde, Ion Izagirre, Jesus Herrada eta Imanol Erviti (Movistar Team); Luis León Sánchez (Caja Rural - Seguros RGA); Joaquim ‘Purito’ Rodríguez eta Dani Moreno (Katusha); eta Cofidis taldeko Dani Navarro.
"Erabaki zaila izan da Mikel Aristi kanpoan uztea"
Bergarako txirrindulariak, bestalde, ezingo du Munduko Txapelketan parte hartu, Monparlerrek 23 urtez azpikoen zerrendatik kanpo geratu ostean. Aristi ilusioz zegoen, baina selekzioaz egindako kontzentrazioaren ostean, zazpi txirrindularitik sei aukeratu behar zituen hautatzaileak, eta hauek aukeratu ditu: Mikel Iturria (Euskadi/Fundación Euskadi), Marc Soler (Cataluña/Lizarte), Imanol Estevez (Euskadi/Zirauna-Infisport), Miguel Angel Benito (Castilla y León/Caja Rural) eta Mario González (Cantabria/Active Jet). "Erabaki zaila izan da, Aristi talde gizona da, eta lan ederra egingo luke Ponferradan. Baina, bat utzi behar nuen kanpoan, eta gainontzekoek ere lan ona egin dute".