Maite Eskarmendi: "Izan ditut amak ni ikusi eta begiak estaltzen zituen garaiak"

Txomin Madina Milikua 2014ko ira. 18a, 00:00

Maite Eskarmendi.

Moda era naturalean bizi duela dio aurkezle, erreportari eta zuzendari moduan ibilbide luzea duen kazetariak; egun, 'look' aldaketak ardatz dituen 'Itxuroso' saioan dabil

1. Zer dio daramagun arropak garen moduaz?

Zaila galdera! Batzuetan, asko esan dezake, eta beste batzuetan, ezer ere ez. Batzuek espresio moduan erabil dezakete eta beste batzuei, aldiz, ez zaie batere inporta. Gerta daiteke, gainera, ematen den informazioa zuzena ez izatea. 

 

2. Eta itxuroso janzteko, poltsikoa ere horrelakoa behar da?

Ez; egun, diru gutxirekin jantz zaitezke oso ondo, edo, behintzat, gustatzen zaizun moduan. Dirua eta ondo janztea ez doaz eskutik.

 

3. Askorentzat, moda eta fribolitatea dira eskutik doazenak...

Aurreiritzien barruan sartuko nuke hori, ez du-eta zertan horrela izan. Zure irudiarekin arduratzeak ez du esan nahi pertsona superfiziala zarenik. 

 

4. Zein da estilo handien duen euskalduna?

Ez naiz batere mitomanoa, baina estilo bat aipatzekotan... Jon Kortajarena esango nizuke, uste dut estilo polita duela.

 

5. Inoiz hutsik egiten ez duen moda aholku bat ematekotan...

Oreka mantentzeko: oreka koloreen, luzeren eta osagarrien aldetik. Coco Chanelen jarraitzaile sutsua naiz: iraultzaile hutsa iruditzen zait; ez bakarrik moda munduan, baita emakume moduan ere. Hark zioen etxetik irten aurretik, ispiluan begiratu eta osagarri bat edo bi kentzeko.  

 

6. Zuk zeuk etxetik irten aurretik zenbat aldiz begiratzen diozu zure buruari ispiluan?

Ez askotan; bi aldiz, esango nuke: behin arropa janzten dudanean, eta etxetik irten aurretik. Gero, egun osorako ahazten naiz. 

 

7. Modan aditua den batek zer sentitzen du duela 10-15 urteko bere argazkiak ikusita?

Modarekiko grina dugunok etapa oso ezberdinak pasa ditugula uste dut. Nik izan ditut amak ni ikusi eta begiak estaltzen zituen garaiak, Argazki batzuk ikusita lotsa ez, baina barregura bai sentitzen dut.

 

8. Zein da zeure buruari eman diozun azken kapritxoa?

Flekodun jaka bat. Lanean banabil, ez naiz afaltzera-eta kanpora ateratzen den horietakoa; beraz, ahal dudanean, kapritxo bat erosten dut.

 

9. Modaz gain, kazetari moduan zein gaik motibatzen zaitu?

Modarena kasualitatez heldu zait; ni, lehenengo, kazetaria naiz. Kalean asko ibili naiz, eta aberasgarriena da  jendea eta errealitate ezberdinak ezagutzea. Dudan hurrengo proiektua da Anjel Alkainekin arratsaldeetarako prestatzen ari garen saioa.

 

10. Personal shopper bezala ere ibilitakoa zara. Nolakoa da besteentzat arropak erostea?

Polita da. Ez erosteagatik,  bezeroak erositakoa jantzi eta ondo geratzen zaiola ikustean jartzen duen aurpegiagatik baizik.

----------

Makila magikoa baneuka: "Eskatuko nioke egun bakoitzerako makilatxo bat ematea, hala, egunero zerbait eskatzeko"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak