Koldo Lamikizek soka luzea du oraindik

Koldo Lamikiz –ezkerrean– Espainiako txapelketako podiumean.

Lokatza Ziklismo Eskolako ordezkari beteranoetako bat izango da Koldo Lamikiz, baina Bergarakoa bizikleta gainean atzean uzteko gaztetasuna baino gehiago behar da. Joan den asteburuan Murtzian, Mazarronen, jokatu zituzten Espainiako beterano mailako ziklismo txapelketak, eta 65 urtetik gorakoen kategorian Lamikizek zilarra irabazi zuen.

Beteranoen mailan Koldo Lamikiz bergararraren palmaresa haziz doa, asteburuan beste domina bat irabazi du-eta Espainiako Txapelketan, oraingoan zilarrezkoa. 78 kilometrotako lasterketan Bergarakoa bigarren izan zen Asturiasko Luis Benitoren atzetik (C.D.OVIEDO-CICLOS FRAN). Hirugarren postuan Cristobal Maya-k (GALVESPORT) amaitu zuen. Lasterketan zehar Cedacedo-ko gaina, Perín, Cuesta-ko gaina eta Mazarrongo gaina igo zituzten, eta lasterketaren gogortasuna tarteko txirrindularien artean tarte handiak egon ziren.

Gorlan, errekorra

Bergarakoak beste errekor bati eusten dio, izan ere, beteranoen mailan Gorla igotzen zeneko garaitik Lamikizek zazpi ediziotan irabazi zuen jarraian, 1983tik 1989ra arte. Eta, beste edizio baten bigarren izan zen, hain zuzen, Koldoren anaia javier Lamikizek irabazi zuen urte hartan. Gaztetan bizikleta gainean lehiatutakoa, ikasketak tarteko bizikleta alde batera utzi zuen, ondoren afizionatu moduan itzultzeko. Txapel garrantzitsuenak, baina, beteranoen mailan irabazten dabil. Hala, negua iristeaz batera Lamikizek bizikleta baztertu eta areto barruko arraunean jarduten du. Eta hor ere hainbat txapelketetan izan da, emaitza oso onak batuaz. Esandakoa, Lamikizi soka luzea geratzen zaiola.

Koldo Lamikizen palmaresa, beterano mailan: 

1985 Urrezko domina
1986 Urrezko domina
1988 Urrezko domina
1989 Urrezko domina

MASTER 60

2010 Brontzeko domina
2014 Zilarrezko domina

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.