Ardi eta gazta artean igarotako bizitza omentzeko garaia

Imanol Gallego 2014ko ira. 7a, 20:10

Artzaintza eta lehen sektorearen lana gertutik ezagutu eta behar duen bultzada emateko eguna izan zen atzokoa Legazpin. Horretarako Gipuzkoa osoko ekoizleek euren produktuak eskaini zituzten, eta bailarako hainbat ordezkari ere bertan izan ziren.

Horrez gain, Euskal Herriko gazta txapelketako ateak zabaltzen dituen gazta lehiaketa ere egin zen, baina bailarako ordezkariek ez zuten zorterik izan.

Esfortzuaren ordaina

"Zailtasunak zailtasun, ardiekiko maitasuna sentitzen duenarentzat ez dago artzaintzatik bizitzea baino gauza ederragorik", esan zuen antolatzaileetako batek: " Lanbide soila baino, bizitzeko modu bat baita, barru barrutik sentitzen den zerbait".
Urtetan bizimodu horren eredu izan diren Maria Angeles Barrena eta Nikolas Segurola  omendu zituzten. Bi oñatiarrek irribarretsu, makila eta oroigarri bana jaso zuten. Barrenak Arantzazun gazta saltzen eman dituen urteak, eta Segurolak artzain eskolari eta gaztagintzari egindako zabalkuntza saritu zituzten.

Artzain txakurren lehiaketa

Gipuzkoako artzain txakurren lehiaketaren 46. edizioa ere egin zen, eta bertan, Jesus Mari Plazaola arrasatearrak Lagun txakurrarekin, eta Migel Arregi oñatiarrak Mendi eta Gorri-rekin hartu zuten parte. Arrasatearrak bigarren postua eskuratu, eta Euskadiko txapelketara joango da; oñatiarra, hirugarren zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak