Alex Molina gazteen Idazkari Orokorrak esan duenez, Gazte Sozialisten helburuen artean dago gizarte proiektuak egitea "errekurtso gutxien duten familiek hainbeste zailtasun izan ez dezaten".
Bidalitako oharrean gehitzen duenez, "bizi dugun krisiaren ondorioz, familia asko oso gaizki pasatzen ari dira seme-alabek eskolarako ezinbesteko duten materiala erosteko. Boligrafoak, arkatzak zein koadernoak bezalako gauza oinarrizkoak, luxuzko material bihurtzen dira familiek horiek edo janaria erosi aukeratu behar dutenean".
Hori horrela, eskolarako materiala batzeko kanpaina abiatu dute. Materiala eman nahi dutenek Arrasateko Casa del Pueblora –Martxoaren 8a kalea, 1 behera– eraman behar dute irailaren 11 baino lehen. Batutako material guztia Gurutze Gorrira eramango dute beharra duten familien artean bana dezaten.
Horrekin guztiarekin, Debagoieneko Gazte Sozialistek dei egiten diete herritarrei kanpainan lagun dezaten.