Xabi Igartua: "Arrazoi ekonomikoak lehenesten dituzte eskoziar nazionalistek"

Oñatiko Gure Esku Dago ekimeneko kidea da Xabi Igartua eta abuztuko oporrak aprobetxatu ditu Eskoziara bidaiatzeko. Autoa alokatu eta herririk herri ibili da. Inguru ederrez gozatu ez ezik, irailaren 18ko independentzia erreferenduma eskoziarrek zela bizi duten bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du.

Eskozian izan zara udan. Irailaren 18ko herri galdeketa izan da arrazoia?
Bai. Aurten nire hautua Eskozia izan da. Erreferendumaren bezperan gaude eta Eskozia osoa aldenik alden egin gura nuen: jendearekin egon, hiriak, herriak, kaleak… bertatik bertara ezagutu… Errealitatea ezagutu gura nuen. Abuztuaren 12tik 19ra egin dut han. Hegazkinean joan, autoa alokatu eta hara-hona ibili. Neu bakarrik.

Zer aurkitu duzu?
Erreferendumaren gaineko mugimendu handiagoa espero nuen. Kalean-eta letreroak ikusi ditut, baina banaka batzuk, eta etxe partikular aurretan-eta. Pertsona bakan batzuk ere bai. Uste dut beranduago hasiko direla. Kanpaina ofizialaren hasierak harrapatu ninduen han eta uste dut berotzen joango dela galdeketaren eguna hurbildu ahala.

Herritarrekin izan zara, haiekin luze berba egiteko aukerarik izan duzu?
Bai. Baiezkoaren aldekoek, nortasun nazionala garatuago daukaten heinean, samurrago adierazten dizuete zergatik aldarrikatzen duten Eskoziaren independentzia. Ezezkoaren aldekoak, ostera, beldur puntu horretatik bizi dute egoera. Orain ez daudela txarto eta abentura berrietan, aldaketetan, hasiz gero, okerrera egingo luketela.

Independentziaren aldekoak ala kontrakoak aurkitu dituzu gehiago?
Nik aldekoak ikusi ditut gehiago, baina hauek esan didate inkestek diotela ezekoaren aldekoak gehiago direla. Edinburgotik iparralderantz egin dut eta han daude independentziaren aldekoagoak. Bestetik, herri txikietan ere gehiago dira independentziaren aldekoak.

Atzerriko turistekin-eta gaiaren gainean berba egiteko edo zerbait entzuteko aukerarik izan duzu?
Bai. Katalanak dezente ikusi ditut. Euskaldunak ez horrenbeste. Gainerako turistak, haiekin egon naizenean, jakitun ziren independentzia prozesuaz, baina beste barik. Ez zaie inporta, ez dagokielako.

Legebiltzarkideekin edo herri ordezkariekin egoteko aukera ere izan duzu. Zer moduz?
Baiezkoaren aldeko parlamentari batekin egon nintzen, SNPkoa. Oso kuriosoa da; izan ere, parlamentariek zonalde edo eskualde bateko herritarrak ordezkatzen dituzte parlamentuan eta herritarrekin harremanak izateko bulego edo denda modukoa daukate kalean. Iradokizun, eskera edo dena delakoak bideratzeko eta herritarrengana hurbiltzeko oso modu egoki eta logikoa dirudi. Eskualde bateko ordezkariak dira alderdi batekoak baino gehiago.

Ze iritzi zeukan galdeketaren emaitzaz?
Oso baikor ikusi nuen. Agian, herritarren artetik, baikorren. Politikoa delako izan daiteke eta baikortasuna saltzea komeni zaiolako. Alex Saldmond-en alderdikoa zen. Ongizateari ematen zion garrantzia. Eskozia burujabe izanez gero, etorkizunera begira, hobe zela kudeaketa haien esku egotea eta ez Erresuma Batuko gobernuaren eskuetan.

Nazio izaerari, identitateari edo hizkuntzari baino gehiago, ekonomiari eta ongizateari ematen diote garrantzia independentziaren aldekoek?
Bai, hori sumatu dut. Aldeko argumentuen %80 horri buruzkoak dira: gizarte politikak diseinatu, ongizate zerbitzuko sosak zela bideratu, pentsioak… Hortaz, diote, burujabe izanez gero, Eskozia aberatsagoa izango litzatekeela eta gizarte ongizateari dagokionean Europako zortzigarren herrialderik oparoena izango liratekeela, gaur egun Erresuma Batua 20. postuan dagoenean. Europako iparraldeko herrialdeekin gura dute konparatu, Suedia edo Norvegia modukoekin, eta, horretarako, beharrezkoa zaie baliabideak haiek kudeatzea. Horretaz gain, inportantzia ematen zioten arma nuklearrik bako herrialde izateari. Erresuma Batuak buru nuklearrak dauzka eta Eskoziako iparraldean kokatuta daude batzuk. Horiek ez dituzte gura. Izaera nazional, kultural edo identitateari lotutako argudioen aurrean, ekonomiko edo praktikoagoak lehenesten dituzte. Hemendik begiratuta harrigarria da, baina Eskoziak baditu bere kirol selekzioak, nazio izaera ere mundu mailan onartuta dago, jendeak badaki zeintzuk diren eta non dauden… Eta, bestetik, hizkuntzaren aldetik, Gaelikoa oso gutxik hitz egiten dute.

Petrolioa eta energia baliabideak ere badaude eztabaidan, ezta?
Hala da. Argudio nagusietako bat da. Lehen, Eskozia, herrialde txiro moduan hartzen zen Erresuma Batuan. Londonetik ere hala adierazten zen. Baina ohartu dira Ipar Itsasoan dauden petrolio putzuak uste baino oparoagoak direla. Hortaz, Norvegiarekin alderatzen dute euren burua eskoziarrek baliabide eta aberastasunari dagokienean. Konturatu dira haiek direla baliabideen jabe, baina beste batzuek kudeatzen dituztela. Eta horri buelta eman gura diote. Eurek kudeatu gura dituzte euren baliabideak. Zelanbait, txiro konplexu hori saihesteko aukera eman die petrolioak.

Ane Roteta EITBko Erresuma Batuko berriemailearekin egin zenuen topo Edinburgon. A ze ustekabea, ezta?
Bai, Eskoziari buelta eman ostean egin nuen topo, kasualitatez. EITBko logoa ikusi nuen mikrofonoan. Nire inpresioarekin bat egiten zuen kazetariak. Esan zidan telebistan kontatu zuela kalean mugimendu gutxi zebilela.

Zer diote inkestek?
Orain artekoek ezezkoa ematen dute garaile, baina gutxigatik: %55 independentziaren aurka eta %45 alde, gutxi gorabehera. Baina inportantea da jakitea zenbatek emango duen botoa. Orain arte, hauteskundeetan, %45 inguru joan dira bota ematera eta erreferendumean aurreikusten da %80ek parte hartuko duela. Ikuskizun dago parte hartze handi horrek zeini egiten dion mesede. Eta, bestetik, jakiteko dago inkesten balioa zenbatekoa den, horren parte hartze handi eta ez ohikoa aurreikusten denean.

Hiri handietan ala herri edo nekazaritza guneetan dira independentziaren aldekoagoak?
Herrietan independentziaren aldekoak dira nagusi. Baiezkoak kaleko indarra dauka. Ezezkoak, ostera, komunikabide nagusiena, BBCtik hasi eta irrati eta paperezkoena. Hiriburuetan ezetzaren aldeko letrero eta bulego gehiago ikusi dut. Halere, leku guztietan, kalean-eta, baiezkoaren aldeko ikur, kartel, bulego… gehiago ikusi dut. Eskozia hegoaldean ezezkoarenak ere nabaritu ditut, iparraldean baino gehiago. Hedabideak ezezkoaren aldekoak dira.

Duela aste batzuk izan dugu hemen Erresuma Batuko hainbat kulturgilea eta artistaren gutunaren berri, non elkarrekin jarraitzeko hautua egiten zuten. Komentatua izan da hori Eskozian? Oihartzun handia izan du hedabideetan-eta?
Bai. Enpresaburuena ere agertu da beste bat. Diru asko irabazten duten pertsonak dira horiek eta diru asko irabazten dutenek, oro har, esperimentu gutxi gura dute, gauzak ez aldatzea, alegia. Ondo bizi dira eta berdin jarraitu gura dute.

Duela gutxi izan da Alex Saldmond Eskoziako lehen ministroaren eta Alistair Darling unionistaren bigarren eta azken telebistako eztabaida saioa eta, denek diotenez, lehena izan zen garaile. Erabakigarria izango da hori irailaren 18ko bozketan?
Nabarmen izan da irabazle Saldmond bigarren eztabaida saio honetan. Lehenengoan, Darling izan zen irabazle, gutxigatik, inkesten arabera. Antza, lehenengora ez ei zen oso ondo prestatuta joan Saldmond eta Darling-ek txanponaren gaia mahai gainera atera zuenean ez zuen erantzuten jakin. Bigarren eztabaidan ondo prestatuta joan zen Saldmond eta, Darling-ek, ostera, lehengo lepotik jarraitu zuen. Oso jarraituak izan dira saioak. Eta, badirudi, eragina izan dezakeela emaitzan. Ezekoaren aldekoak ahulduta atera ziren, argumentu barik. Inkestek diote bi puntutara jaitsi dela bien arteko aldea eztabaidaren ostean: %47 ezezkoaren aldekoak eta %45 baiezkoaren aldekoak.

Ze espero dute independentziaren aldekoek?
Kalean topatu nuen batek esaten zidan oraingoan ez dutela lortuko baina hurrengoetarako oso ondo prestatuta eta indartuta aterako zirela, %43,5eko baiezkoa espero zutelako eta horrelako edo hortik gorako datuarekin oso pozik geratuko zirela; izan ere, aditzera emango zioten munduari Eskozian asko direla burujabe izan gura dutenak. Eta aldekoendako ere oso garrantzitsua izango zela, demostratuta geratuko zelako ez dela lau katuren kontua. Azken urteetako joera da independentziaren aldekoak ugaritu egin direla. Akaso krisiak izan dezake zerikusia horretan.

Herri galdeketa bera egin ahal izatea zela baloratzen da?
Erresuma Batuak ez dauka Konstituziorik. Eta hori mesedegarri dela diote. Demokrazia oso errotuta dago han; hemen gutxiago. Arau zaharretan, ohituretan, zentzu komunean, logikan, oinarritzen dira. Eta itunean, negoziazioan. Eta logikak esaten badu herritarren zati handi bat dagoela bere etorkizunaren burujabe izan gura duena, haiei dagokie erabakia. Independentziaren kontrakoek ere ez dute zalantzan jartzen erabakia eskoziarrei dagokiela eta ez Erresuma Batuko herritar guztiei. Agian, Ingalaterran leporatuko diote Cameroni eskoziarrekin, Saldmond-ekin, negoziatu izana eta ahalbidetu izana erreferenduma egin ahal izatea. Bestetik, aurreikusten dute eskoziar nazionalismoak gora egingo duela hurrengo urteetan eta batzuk diote Erresuma Batuaren interesetik begiratuta ona dela erreferenduma lehenbailehen egitea.

Kataluniaren edo Euskal Herriaren egoeraren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko nahiaren berri badute eskoziarrek?
Zerbait entzun dute, baina ez dute asko jarraitzen. Logikoa da. Guretako erreferente da Eskozia eta hango erreferenduma. Haiendako ez gara gu edo katalanak. Izan ere, aurreratuago daude gu baino zentzu horretan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.