Bergara Hiria torneoa, bailarako futbol taldeen lehen azterketa

Bihar, egubakoitza, hasiko dute Bergara Hiria torneoa, eta asteburuan zehar bailarako hainbat taldek aurre-denboraldi honetan duten itxura ikusi ahal izango dute zaleek. Bergararekin batera, Mondrak, Antzuolak eta Aretxabaletak neurtuko dituzte indarrak. Torneoa hasteko, ligan ikusmin handiena piztuko duen partiduetako bat: Bergara-Antzuola (Egubakoitza, 18:00, Agorrosin).

Zapatuan, ostera, gertu-gertukoen beste derbi bat, Mondrak eta Aretxabaletak indarrak neurtuko dituztelako (18:00etan). Eta, domekarako gorde dute finala, bi egun horietako onenek 18:00etan neurtuko dituzte indarrak.

Aurpegi berri asko

Aurpegi berri asko ikusi ahal izango ditugu asteburuan Bergara Hiria torneoan. Eta hori bakarrik ez, jada bailarako taldeetan ez daudenen hutsunea ere igarriko delako. Bergaran taldea utzi dute Aranburuk, Ibarluzeak, Arrutik eta Oregik eta taldera etorri dira Lopez atezaina, Retegi, Peña eta Xabier.

Antzuolan ere baja garrantzitsuak izango dituzte, uztailean Goienak aurreratu moduan, besteak beste, Iñaki Agirre kapitain izandakoa, Josu Zubikarai, Josu Asensio eta Jon Iturbe. Hutsune horiek betetzeko ardura izan dute Jon Muruamendiaraz eta Ekain Garin entrenatzaile arrasatearrek, eta lehenengoz ikusiko ditugu talde antzuolarra zuzentzen.

Aretxabaletan ere hainbat aldaketa izango dira, eta aipatzeko moduko fitxaketak egin dituzte, lehenagotik ere ezagunak diren Iban Espinosa eta Ander Fernandez aretxabaletara itzuli direlako. Eta, bi jokalari hauez gain, Gasteiztik etorriko den Iker Cañizaresek osatuko du hirukote berria.

Mondran, ostera, "ilusioaren denboraldia" izendatu dute urte hau, kategoria errekuperatzeko moduko denboraldia izan daitekeelako, eta horretarako fitxaketa "ilusiogarriak" egin dituzte. Hainbat lagunek utzi dute taldea, baina taldeak Iker Uribarren errekuperatu du, eta ez hori bakarrik, Athletic taldeko harrobiko Gorka Erañak ere elastiko zuri-morea jantziko duelako. Eurekin batera taldean izango dira, baita ere, Barbero, Corcuera eta Bollon.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.