Ernaiko gazteak Kataluniara joango dira eta bat egingo dute Diadarekin

Eneko Azkarate 2014ko abu. 27a, 16:00

Debagoieneko Ernai gazte antolakundetik aditzera eman dutenez, Herrialde Katalanetara irteera egingo dute irailean, hango errealitatea bertatik bertara ezagutzeko asmoz. Hain justu ere, maiatzean, Sabaldell-eko Arran gazte antolakundekoak izan ziren Debagoienean, Arrasaten eta Oñatin, eta, orain, Kataluniara joango dira hemengoak. Besteak beste, irailaren 11ko Diadako ospakizunetan parte hartuko dute. Izena emateko epea zabalik da.

"Aurreko ikasturtean Hazi, hezi, izan dinamika abiatu genuen Debagoieneko gazteok eta ikasturte berriarekin batera independentzia eta burujabetzaren aldeko dinamika honi jarraipena ematera gatoz". Halaxe diote Debagoieneko Ernaikoek.

Eta, hain justu ere, joan zen maiatzean Sabaldell herriko Arran gazte antolakundeko gazteak Debagoienean izan ziren moduan, oraingoan, Kataluniara abiatuko dira Debagoienetik irailaren 10etik 14ra bitartean.

Ernaikoek dei egin diete eskualdeko gazteei bidaian parte hartzeko. Horretarako, izena eman behar da helbide honetara idatzita: haziheziizan@gmail.com, edota "ohiko lekuetan". 50 euro ordaindu behar dira joan-etorria eta egonaldia, nahiz eta adierazi dutenez, "dirua ez dadila oztopo izan" izena eman gura dutenendako.

Hainbat ekitaldi eta Diada

Katalunian antolatuko diren hainbat ekitalditan parte hartzeko aukera izango dute gazteek. Esaterako, irailaren 10ean, eguaztena, Nosaltres decidim izenburuko hitzaldian, Sabadell-en, bertako herri mugimenduak antolatuta. Irailaren 11n, ostera, Diadarekin bat egingo dute eta Esquerra Independentistak Bartzelonan antolatutako ekitaldietan parte hartuko dute, besteak beste. Eta, irailaren 12 eta 13an, "herrialde katalanetako gazteen errealitate eta mugimenduen borrokak bertatik bertara ezagutzeko" aukera izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak