Gipuzkoako Diputazioarendako "onartezina" da Israelgo Enbaxadaren jarrera

Ubane Madera 2014ko abu. 5a, 10:15

Gaza atzo (astelehena). Argazkia: netnoticias.mx

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ustez, Israelgo Enbaxadak Gazako erasoen aurrean agertu duen jarrera "onartezina" da. Foru Aldundiak adierazpen instituzionala argitaratu zuen Israel Gazan egiten ari den neurrigabeko erasoak salatzeko. Israelgo Enbaxadak "errealitate distortsionatua" izatea eta "israeldarren kontrako gorrotoa sustatzeko kanpaina" bati men egin izana leporatu dio Foru Aldundiari.

Foru Aldundiak Gazako herritarrekiko elkartasuna berresten du eta "onartezina" iruditzen zaio Israelek ukatzea Gazako suntsiketan duen erantzukizuna.

Diputazioak dio Israelek Gazako milaka herritar jasaten ari diren erasoen eta hilketen erantzukizun osoa zuritu nahi duela. Ez duela inolako ardurarik onartzen asteotan Gazan gertatzen ari diren eraso bortitzen ondorioetan.

"Asaldatuta"

"Gipuzkoarrok asaldatuta gaude, neurrigabeko eraso horiekin milaka herritar, gehienak zibilak eta asko haurrak, erailtzen ari direlako nazioarteko agintarien isiltasun onartezinaren konplizitatearekin", adierazi du Diputazioak.

Hori horrela, Diputazioa Isralek hartu duen jarrerarekin ez datorrela bat adierazi du, "ez erasoekin ez zibilen hilketak eta herrien suntsiketak justifikatzeko baliatzen dituen argudioekin".

"Gainera, Israelgo enbaxadore Alon Barrek, Foru Aldundiari bidalitako erantzunean, errespetu gutxi adierazten digu gipuzkoarroi", Israel Gazan bultzatzen ari den operazioaren salaketa "Israelgo herriari gorrotoa sustatzeko kanpaina" eta "informaziorik eza"-ren ondorioa dela esaten baitu. "Gipuzkoarrok informazioa jasotzeko eta iritzi propioa eratzeko dugun gaitasuna zalantzan jartzea zentzugabea" dela uste du Diputazioak.

Estatu propioa

Horrekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiak "berretsi" egiten du palestinarrek Estatu propioa izateko duten "eskubidearekiko konpromisoa". Era berean, palestinarren sufrimendua arintzeko konpromisoa ere berretsi egiten du Diputazioak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak