Sortu: "Euskal Herriaren kontrako eraso frontala da"

Ubane Madera 2014ko uzt. 31a, 09:58

Bergarako Irala kalean atzo egindako elkarretaratzea (Argazkia: Ibai Redondo, twitter).

Guztiz "errefusatzen" du Sortuk emandako sententzia. Dio epaiketaren azken helburua ezker abertzalea dela, eta orokorrean, "Euskal Herriaren kontrako eraso frontala" dela. "Bake prozesuaren porroterako ezinbesteko zaio ezker abertzalearen militanteen kontrako eraso judiziala", gaineratu du. Bart elkarretaratzeak egin dituzte Arrasaten eta Bergaran epaiaren aurka. Eta biharko Oñatin deitu dute, 19:30ean.

Sortuk epai politiko moduan kalifikatu du Auzitegi Nazionalaren sententzia eta orokorrean, "ETA-ren porrot militarra irudikatu" gura dutela. Hauxe ere gaineratu du: "Estatuak bururaino eraman nahindu ezker abertzalearen gidaritzapean zerikusia izan duen edonoren aurkako mendekua". 

"Bidea okertu dute", dio Sortuk, eta baita "aurrez aurre" izango dituztela ere. Eta laburbilduz, azpimarratu dute "bizikidetza eta eskubide guztien errespetuaren bidea aukeratu" dutela eta "egoera aldatzeko borrokan segitzea" dela euren "ardura".

Sorturen oharra, oso-osorik:
 
"Ezagutu berri dugu espainiar Auzitegi Nazionalak 35/02 sumarioko kideen kontrako epaia. Salbuespenezko epaitegi horrek espetxe zigorrak ezarri dizkie 20 auzipeturi eta 80 Herriko Taberna konfiskatzeko agindu eman du ere. Erabaki judizial horren aurrean Sortuk zera adierazi nahi du:
  • Emandako epaia guztiz errefusatzen dugu eta Auzitegi Nazionalak bultzada politikoko epaiketan azaldu duen jarrera zigortzaileen ibilbide luzearekin lotzen dugu. 
  • Makroepaiketa honen bidez zigortu diren pertsonak ez dira azken helburua, ezta Ezker Abertzalea bera ere, azken finean epaitu dena bere etorkizunaren jabe izan nahi duen herri oso bat da. 
  • Horregatik diogu eraso berri hau ez dela ezker abertzalearen aurkakoa, Euskal Herriari berari egiten zaion eraso frontala baizik.
  • Estatuak, Euskal Herriak garai berria zabaltzeko agertu duen erabakiari eraso nahi dio. Eta bake prozesuaren porroterako ezinbesteko zaio Ezker Abertzalearen militanteen aurkako eraso judiziala.
  • Argi dago PPk eta espainiar gobernuak bake prozesua eta normalizazio politikoa oztopatu nahi dutela eta horretarako inboluzio jarrera hartu dutela. 
  • Aieteko konferentziatik eta ETAk bere jarduera armatua utzi zuenetik abantzu lau urte igaro direnean, PP eta espainiar gobernua atzeraka doaz, abiadura bizian gainera. 
  • Horregatik heltzen zaizkigu militantzia independentista zigortzen duten hau bezalako epaiak, Auzitegi Nazionaleko lerro ofiziala ordezkatzen duten epaiak.  
  • Garai berri honetan, Auzitegi Nazionaleko epai politikoen bitartez errelato ofiziala eta alderdi nagusien errelato interesatua indartu nahi dituzte. 
  • Bere jarduera armatua bertan behera uzteko erabakia baliatu nahi dute ETAren porrota militarra irudikatzeko. Alta, ezker abertzalearen porrot politikoa saltzeko zailtasun handiak dituzte.
  • Egoera horretan, Bateragune auzian berretsi zigorrarekin eta 35/02 sumarioarekin emandako zigor epaiarekin, edo laster batean Segurako auziarekin, Estatuak bururaino eraman nahi du ezker abertzalearen gidaritzarekin zer ikusia izan duen edonorren aurkako mendekua.
  • Era horretan, botoek eta boto-ontziek, finean euskal jendartea berak, gezurtatzen duten proiektu politiko baten porrota nahi dute, hola edo hala, irudikatu. 
  • Bidea okertu dute. Ez dute lortuko. Horrek ez du esan nahi ezin gaituztela espetxeratu, hori egin dezakete; baina, era berean, aurrez aurre izango dute ezker independentista sendo bat, elektoralki indartsu den ezker independentista, hegemonia politika eta instituzionala hatz puntekin ikutzen duen ezker independentista. 
  • Herri hau 2011ko urriaren aurretiazko egoerara eraman nahi dute, politikoki egoera hura azkoz errentagarriagoa zutelako; horregatik estutzen dute ezker abertzalea, horregatik azken 20 urtetan PPk zein PSOEk erabilitako ez ohiko legeak aplikatzen segitzen dute. Horrregatik baitaere presoen aurkako espetxe politika kriminala mantentzen dute. 
  • Onargaitza egiten zaie euskal jendarteak ezker abertzaleari aitortzea aro politiko berria zabaldu izana. Batez ere euskal jendarteak argiki  Auzitegi Nazionala eta espainiar alderdiak bakea lortzeko oztopo bezala identifikatzen dituenean. 
  • Horregatik egoera usteltzeko eta sufrimendua betikotzeko hautua egin dute. 
  • Aldiz, guk bizikidetza eta eskubide guztien errespetuaren bidea aukeratu dugu. 
  • Jakin badakigu Estatuak, momentukoz, ez duela inolako eskaintza demokratikorik Euskal Herriarentzat.
  • Egoera aldatzeko borrokan segitzea da, beraz, gure ardura. Eta borroka hori ahalik eta eraginkorrago izateko beharrezkoa da denbora eta elkarlana. 
  • Bakea eta normalizazioa bururaino eraman nahi duten alderdi eta eragile sozialeen arteko akordioak beharrezkoak dira. Baita mobilizazioak ere.
  • Gaur bertan herriz-herri mobilizazioak izango dira eta heldu den larunbatean Hego Euskal Herriko lau hiriburutan, 12.30etan, elkarretaratzeak egingo dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak