Debagoiendar askok hondartza ondoan dutela pasako dute uda. Aurten gainera, hemen uztailean euri asko egin duenez, agian bidaiarik egitea pentsatzen ez zutenak ere, hondartza ingurura irteeraren bat egiteko erabakia hartu dute. Horixe adierazi du Arrasateko hipermerkatuko Eroski Bidaiak-eko arduradun Rakel Arroyok.
Menorca eta penintsulako kostaldea
Aurten jende gehien joango den tokia, Menorca izango da: "Gehien bat aurten eskari ugari egon da Balear mailan Menorcara. Han izango da jende gehien nahiz eta ez egon prezio oso merkean". Kanaria mailan, urtero bezala, Lanzarote, Tenerife, Fuerteventura edo Kanaria Handira joango dira debagoiendarrak.
Penintsula mailan, berriz, kostalde mediterraneoak ere eskari handia izan du aurten; Salou eta Benidorm dira gailentzen diren tokiak.
Andaluzia aldera ere joango dira debagoiendarrak; Cadiz ingurua asko maite dutela adierazi du Arroyok. Conil, Chiclana eta Huelvako zonak dira gehien eskatzen direnak.
Portugal eta Europako zirkuituak
Portugal aldera ere joango da jendea: "Aurten ere jende asko joango da Madeirako uhartera, aurreko urtean bezala. Algarvera ere asko eskatu digute aurten, badirudi gustatzen zaizkigula hango hondartza eta klima", azaldu du Arroyok.
Europako zirkuituen bila joaten den bezeroa ere badago Debagoienean: Praga, Alemania, Polonia edota Errusia aldera joango dira gehien bat eta orokorrean astebeteko egonaldiak izango dira gehienak.
Azken orduko mauka gutxi aurten
Tamalez, aurten azken orduko mauka handirik ez dela egongo azaldu du Arroyok. Izan ere, kontatu du handizkariek esan dietela aurten penintsula eta uharteetan turista errusiar asko egongo dela, turista horrek diru asko duela eta lehentasun askoz egiten dituela erreserbak. Beraz, abisatu dietela agian hegaldietan leku hutsak egongo direla, baina hotelak libre aurkitzea zailagoa izango dela.
Hala ere, aurten azken orduko eskaintzaren batzuk ere egongo dira eta eskaintza on bezala, Karibe dago. 800-850 euro inguruan joateko aukera dagoela azaldu du Arroyok.
Beraz, oraindik oporretan bidaiaren bat egitea nahi dutenek badute non aukeratu, nahiz eta gomendatzen duten erreserbak ahalik eta azkarren egitea.