Gizonezko bat atxilotu dute Antzuolan "ausarkeriaz eta baimen barik" gidatzearren

Bergarako Ertzain-etxeko agenteek 38 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo Antzuolan, bide-segurtasunaren eta aginte-autoritate agenteen kontrako ustezko delituengatik. Herrizaingo sailaren arabera, atxilotuak Ormaiztegitik Antzuolaraino autoz gidatu zuen eta ez zien kasurik egin ertzainek emandako gelditzeko abisuei. Gainera, gida baimenik barik gidatu zuen.

20:30ak aldera ertzainen patruila batek 38 urteko pertsona hau ikusi zuen Ormaiztegitik autoan gidatzen. Gidatzeko baimenik ez duela ohartuta, keinuak egin zioten autoa gera zezan. Baina ez zuen kasurik egin. Minutu batzuk geroago, autoa geratu erazi zuten ertzainek. Baina ertzainetako bat autotik jaitsi eta gidariarengana hurbildu zenean, abiadura bizkortu eta ihes egin zuen gidariak, ertzaina gutxigatik ez zuelarik eroan aurretik.

Ihesaldi ikusgarri eta arriskutsua

Gizonezkoak Deskargarantz egin zuen, abiadura azkarrean, eta ertzainek atzetik jarraitu zioten. Gidariak hainbat ibilgailu aurreratu zituen, kasu batzuetan, arriskuan jarriz beste ibilgailuen segurtasuna.

Azkenean, Bergarako komisariako ertzainek eman zioten altua Antzuolan, ihesaldi ikusgarri eta arriskutsuaren ostean. Atxilotzeko orduan, 38 urteko gizonezkoa lurrera erori eta zuritu egin zela adierazi dute Herrizaingo sailetik. Ondorioz, ospitalera eroan zuten anbulantzian.

Atxilotuak aurrekari penalak ditu eta Bergarako epaitegira eroan dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.