Kultura, natura eta gastronomia eskaintza turistikoa aurkeztu du Mankomunitateak

Debagoieneko turismo arduradunak aurtengo udako eskaintzaren berri ematen.

Kultura, natura eta gastronomian oinarritutako udako eskaintza turistikoa aurkeztu du gaur Mankomunitateko Turismo sailak. Bergara monumentala, Elgetako Gerra Zibileko ibilbidea, Atxorrotzeko indusketak, gatz museoa, Oñatiko Errenazimenduko ondarea, Arantzazu eta mendi-ibilaldi sarea aipatu dituzte Debagoieneko erakarpen nagusi gisa. Turismo baliabide eta zerbitzuek ordutegi bereziak izango dituztela gogorarazi dute.

2014ko udako eskaintza laburtzen duen esku-orria aurkeztu dute Turismo arduradunek gaur goizean prentsaurrekoan, Debagoiena ezagutzea… maitatzea da leloarekin. Bertan, begirada baten, eskaintza osatzen duten bederatzi alderdiak laburtzen dira, bakoitzean egin daitezkeen bisita gidatuen ordutegiekin eta erreferentziazko telefono eta e-mail helbideekin.

Gogorarazi dutenez, kultura, natura eta gastronomiaren inguruan "eskaintza turistiko zabala" du Debagoienak udan.

Aurtengo kanpainan, bereziki bertako bisitariak erakarri nahi dituzte, Debagoienean ere ikusteko eta gozatzeko asko dagoela gogoraraziz.

Honakoak proposatu dituzte:

  • Bergara Monumentala, San Pedro parrokia (zapatuetan), Bergarako Gerriko Berdeak eta zazpi parke eta lorategi historikoak.
  • Elgetan, Gerra Zibileko ibilbide tematikoa. Aukera bat da Intxorta inguratuta mendi-ibilia egitea.
  • Eskoriatzan, abuztuko lehen astean bisita gidatu bereziak: Zubietako labea, Elorretako errota, Ibarraundi museoa eta, abuztuaren 8an, Iñaki Sagredoren eskutik, Atxorrotzeko indusketen VI. kanpaina.
  • Leintz Gatzagan, gatz museoa eta Erdi Aroko gunea.
  • Oñatin, euskal Errenazimenduko eraikin esanguratsuenetariko batzuk: Sancti Spiritus unibertsitatea eta San Miguel parrokia.
  • Oñati-Arrikrutz kobak.
  • Arantzazu santutegia, Aizkorri-Aratz parke naturalaren sarrera eta, bertan, Arantzazu parketxea.
  • Debagoieneko mendi-ibili sarea eta Aizkorri-Aratz parke naturaleko mendi-ibili sarea. Parke naturalean bi ibilbide irisgarri daude.
  • Ekoizpen prozesuak ezagutzeko bisita gidatuak Lapatzan (Antzuola), Mendibitzu Ekologikoan (Aretxabaleta) eta Gomiztegin (Oñati).
  • Debagoieneko Jardunaldi Gastronomikoak uztailaren 31ra arte
  • Txokolatearen Interpretazio Gune berria, Oñatin; aurrez deitu behar da 630 43 15 49 telefonora.
  • Turismo aktiboa: ibilbidea, gaueko trekking-a, mendiko bizikleta ibilaldiak…

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.