Eroskiko zuzendari nagusi Javier Amezagaren hitzetan, 2013an "jauzi garrantzitsua" egin du Eroskik "etorkizuneko negozio-eredua sendotzen": Zurekin delako denda-eredua. Eredu horrek "harrera bikaina" izan du bezeroen aldetik. Eroskiko presidente Agustin Markaideren esanetan, "Zurekin denda ez da eraldaketa fisiko soila", Eroskiren "kultura-aldaketa handia baizik". Bere oinarriak hauek dira: bezeroen aurrezkia, tokiko produktuak eta bezeroen aurreikuspenetara are gehiago egokituta erantzuna ematea.
Horrez gain, Gutxiago ordaintzen dutenen kluba delakoa martxan jarri zuen Eroskik iaz, "bezeroekin tratatzeko modu berriaren ernamuina", Amezagaren hitzetan. Elkarrizketa pertsonalizatua da sistema horren oinarria eta aurten "errealitate zabaldua" izango da "Eroski markaren perimetro osoan".
Zuzendari nagusiaren hitzetan, "kontsumoaren ahuleziak" markatutako beste urte bat izan da 2013a, baina "pixkatxo bat baikorrago" dago Eroski.
Salmenten %60, supermerkatuetan
2013ko zifra esanguratsu batzuk ere ematen ditu Eroskik bere memorian: hala, 6.698 milioi euro fakturatu ditu; 5.881 milioiko (BEZ gabe) salmenta garbiak egin ditu. Salmenten %60 supermerkatuetan egiten dira.
349 milioi bezero pasa dira kutxetatik. Bezeroei 71 milioi transferitu zien Eroskik eskaintzen eta promozioen bidez; eta 635.636 bazkide-kontsumitzaile eta Fundazioaren lagun izan zituen iaz.
Langileei dagokienez, 36.432 zituen iaz Eroskik, horietatik 12.295 langile-bazkideak. Bazkide horietatik 8.196 Eroski Koop. sozietatekoak ziren; 3.632, Eroski Hipermercados Koop. sozietatekoak; eta 467, Gespa Forumekoak. 1.700 lanpostu gehigarri izan zituen supermerkatu frankiziatuen sarean. Erantzukizuneko lanpostuen %65 emakumeek zituzten.
Denden gaineko datuak hauek dira: 2.069 establezimendu zituen Eroskik iaz, horietatik 1.456 supermerkatuak, batez ere Eroski City (388), Caprabo (366) eta Aliprox (339). Horiez gain, hipermerkatuak, cash&carry eredukoak, gasolindegiak, optikak, bidaia-agentziak, Forum Sport dendak eta If dendak zituen. Espainiako supermerkatu frankiziatuen bigarren sare handiena duela nabarmendu du Eroskik, eta frankizia bidezko 46 supermerkatu berri ireki zirela iaz.
Tokiko ekoizle txikien indarra
Eroskiren hornitzaileetatik 4.679 nekazaritzako elikagaienak dira; %50 baino gehiago tokiko ekoizle txikiak dira; eta Espainiako Jatorri Deitura eta Adierazpen Geografiko Babestu guztiekin lankidetzan diharduela nabarmendu du Eroskik.
Gizarte-konpromisoaren kapituluan, Zero Hondakin konpromisoarekin bat egin eta hura bermatzen duen lehenengo enpresa dela esan du Eroskik, eta 17 urte diharduela Elikagaien Bankuarekin elkarlanean.