Fagor Etxetresnen jabe berriari "enpleguaren aldeko konpromisoa" eskatzen dio LABek

Leire Kortabarria 2014ko uzt. 23a, 14:45

Fagor Etxetresnen jabe berriari "besterentzako lana egiten dutenen eta orain arte bazkide izan direnen enpleguaren aldeko konpromiso sendo eta eraginkorra" eskatu dio LAB sindikatuak prentsa oharrean. Horrez gain, Fagor Etxetresnen egoeran "euskal instituzioek" egin duten papera kritikatzen du.

Cevital eta Cata enpresen eskaintzen aurrean "inoren alde" egiten ez duela esan ondoren, LABek eskatzen du Euskal Herrian "jarduera produktiboa mantentzea eta lan baldintzak arautuko dituen akordio bat egitea ordezkaritza sindikalarekin".

Hona hemen LABen prentsa ohar osoa:

"Eskeintzak baloratzerakoan parametro hori hartu dugu kontuan, interes partikularrez haratago, beharrezkoa baita Euskal Herrian produkzio ahalmena eta enplegua bermatzeko, lantoki guztiak irekitzea ahalbideratuz. LABek (beste sindikatuekin batera) akordioak erdietsi ditu lan baldintzen inguruan CEVITAL eta CATArekin, negoziazio kolektiboaren erreformari mugak jartzen dizkioten akordioak, eta hauek bere osotasunean bete behar dira.

"Hau esanda, Fagor Etxetresnaken itxierak arrazoia ematen digu 2 zentzutan, euskal produkzio sarearen inguruan:

"Fagor Etxetresnak-ek, itxi diren hainbat enpresak bezala, aurrera egiteko aukera zuen, eskeintzak erakutsi dutelako enpresaren bideragarritasuna posible zela.

"Euskal Instituzioak ez dira egoerak eskatzen duen erantzunkizunez aritu, eta gure lehen prentsa oharrean esaten genuen bezala Herri porrot baten erakusgarri da bere sinbolismoagatik.

"Administrazio publikoak ezin dira autokritika sakon bat egin gabe geratu. Behin eta berriz salatu dugu kapital finantzieroari botere guztia ematen dioten politikak, irabaziak lehenesten dituztenak, egiteak ondorio larriak dakartzala gizarte, ekonomia eta langileriarentzat.
 
"Kalitatezko enpleguaren aldeko apustua berresten dugu gure sare produktiboa garatu ahal izateko, eta sektore publikoak gure eredu sozio-produktiboa bermoldatzeko paper aktiboagoa hartzea eskatzen dugu. Hori egungo instituzioen erronka garrantzitsua da.

"Benetako politika industriala eta berrikuntzakoa garatzeko euskal instituzioei proiektu propio bat proposatzeko eskatzen diegu, estrukturala den krisi honi aurre egiteko.

"Ezin dugu itxaroten jarraitu, EAEko Gobernuak egiten duen moduan, iniziatiba pribatuak gure arazoak konpontzeko. Inbertsio publiko zuzena, gizarte ordezkaritza eta sindikatuekin adostua bultzatzeko plana behar dugu. Zeren zain daude?

"Egun hauetan kezka handiz ikusten ari gara Kutxabank moduko ezinbesteko tresna finantzieroa pribatizatzen ari direla, Espainiar Estatuan erabakitzen duten berberen interesen arabera, EAE eta Nafarroako Gobernuen, bankaren eta espekulatzaileen bidez. Euskal finantza sistema publikoa beharrezkoa da Fagorren moduko egoerak ez errepikatzeko. Baina PNV, PP eta PSOE ahal dutena egiten ari dira hori ekiditeko.

"Azkenik, azken hilabeteetan lanpostuen alde borrokan aritu diren langileak zoriondu nahi ditugu, neurri haundi baten euren ekimenez lortu baita lortu den guztia. Aurrerantzean ere lortuko dena langileen borrokarako gaitasunaren araberakoa izango da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak