Imanol Agirretxe: "Krisiarekin futbol munduak ere beherakada handia izan du"

Imanol Agirretxe.

Oporren ostean, Realeko aurrelari usurbildarra Herbehereetan dago momentu honetan bere taldekideekin batera, aurretik duten denboraldi luzea prestatzen.

1. Batzuek oraindik hartu ez, eta beste batzuei akabo zaizkizue oporrak. Kosta zaizu lanera itzultzea?

Alde batetik, kostatzen da, fisikoki udan nahiko lasai egoten garelako; baina bestetik, baneukan hasteko gogoa eta ilusioa, baneuzkan tximeletatxoak tripan.

 

2. Badator 2014-2015 denboraldia. Zer eskatzen diozu?

Pertsonalki, ez lesionatzea eta denboraldi borobila osatzea. Talde mailan, uste dut urte oso garrantzitsu bezain gaitza izango dela; ea UEFAko lehen kanporaketatik ondo hasten dugun dena.

 

3. Ikusitakoak ikusita, ze paper egingo luke Euskal Selekzioak Bra-silgo Munduko Futbol Txapelketan?

Oporretan egonda, askorik ez dut jarraitu, baina ikusi ditut azken partidu garrantzitsuak. Lan ona egingo luke: egun Euskal Selekzioak batu ditzakeen jokalariak maila onekoak dira, munduko edozein talderen aurka aritzeko gai.

 

4. Wikipediak dio 85 gol sartu dituzula. Bereziki gogoan duzunik?

Sansekoak-eta batuta izango dira. Lehen Mailan sartutako lehena: ez zen politena edo baliagarriena izango, baina bai bereziena.

 

5. Zer nahiago, zuk gola sartu arren partidua galtzea ala aulkitik taldea irabazten ikustea?

Astero aulkian egotea ez da seinale ona, baina garrantzitsuena da partidua irabaztea, horretarako lan egiten dugu-eta. 

 

6. Zein teknika erabiltzen duzu presio uneetan burua hotz mantentzeko?

Konfiantza: konfiantza nere buruarengan eta egindako lanarengan. Esperientziari ere begiratzen diot: une horretan gauzak gaizki joan arren, azken urteetan ondo joan diren gauzei jarraipena ematea.

 

7. Zertan nabari du Lehen Mailako jokalari batek krisian gaudela?

Azkenean, gure ingurukoak ere sufritzen ari dira. Guk, zorionez, oraindik ere badugu lana, baina futbol munduak ere beherakada handia izan du: lagun asko dauzkagu kobratu gabe jokatzen, talde batzuk desagertu egin dira...

 

8. Poziktibity kanpainan hartu duzu parte. Zein hizkuntza da nagusi Realaren aldagelan?

Euskara. Egunerokoan, erdaldunekin hitz egiteko erdara erabiltzen dugu askotan. Baina euskaldun asko gaude, zorionez, eta gure artean euskara da nagusi.

 

9. Kanpotik, lagun kuadrilla dirudizue Realekoek. Itxura kontua?

Ez. Oso ondo moldatzen gara elkarrekin, urte asko daramatzagu batera eta Zubietatik aparte plan asko egiten ditugu batera. 

 

10. Musikazalea ei zara. Zein da erosi duzun azken diskoa?

Atera berri den Izeberg taldearen diskoa. Beti gustatu izan zait musika, eta orain, bidaia asko ditugunez, musikaz beteta eramaten dugu makina.

----------

Makila magikoa baneuka: "Egun dauden gerra eta gatazka guztiak kentzeko erabiliko nuke"

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.