Garitano penatuta agertu da Fagor Etxetresnak ez direlako kooperatiba izango

Fagor Etxetresnen eta Edesaren jabe berria zein den jakiteko azken egunetan gauden honetan, Martin Garitano ahaldun nagusia penatuta azaldu da Fagor Etxetresnak ez direlako gehiago kooperatiba izango –CNA eta Cevital ez dira kooperatibak– eta, esan duenez, "errentagarria delako hor inbertitzea arrazoizkoa dela dioten eragile pribatuak" daude, baina ez du zehaztu zeintzuk diren.

Garitanok prentsaurrekoa egin du Donostian eta "zoritxarrez, galdu egin zen enplegu" hura berreskuratzeko apustua beti egin duela errepikatu du; eta, ahal zela, enplegu hori "kooperatiboa" izan zedin nahi zuela. Mondragon Korporazioak Fagor Etxetresnei "uko egin" diela esan du, eta "kosta" egiten zaiola pentsatzea Fagor Etxetresnei ezin izan zaiela kooperatibismoaren barruan eutsi.

CNA, Cevital edo –zaila dirudiena– beste enpresaren bat nahiago duen galdetuta, Foru Aldundiari marka bat edo bestea izatea berdin zaiola esan du Garitanok, betiere dena delakoak "Debagoienean kalitatezko enplegua bermatzen" badu.

Cevitalek abantaila

Gaur, astelehena, zen azken eskaintzak aurkezteko mugaeguna. Eguenean, honako eskaintzak zeuden mahai gainean: CNAk 21,3 milioi eskaintzen zituen eta lehenengo urterako 501 lanpostu; eta Cevitalek confort lerroa ere sartu du bere eskaintzan, eta 23 milioi eskaintzen zituen eta 450 lanpostu zuzen lehen urtean.

Adituek diotenez, Cevitalek nolabaiteko abantaila zuen, ez bakarrik gehiago eskaintzen zuelako, baita 23 milioi horietatik 18 lehen momentuan ordaintzeko gertu zegoelako, eta Fagor Etxetresnek hartzekodunei ordaintzeko likidezia behar dutelako; horrek erakargarri egiten du Cevitalen eskaintza.

Edozein modutan, bihar da epailea behin betiko eskaintzak irakurtzekoa.

Edesaren gaineko interesatu bakarra dago: Txileko Ecomac enpresa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.