Murugainera joan ziren 2011n. Arabako aldean hasi ziren lanean eta lehen indusketek 36ko gerrako aztarnak eman zituzten, batez ere. Edozelan ere, indusketen zuzendari Etor Telleria arkeologoaren arabera, hiru urtean asko aldatu dira gauzak: "Hasierako hartatik proiektua asko hazi da. Arabako Arkeologia Institutuaren diru laguntzarekin hasi ginen bi indusketa eremu handi irekiz, eta ekinaldi hari esker ezagutu genuen Murugain arkeologikoki nolakoa zen".
Proiektuak aramaioarren "ezinbesteko" babesa eta laguntza izan zuen: "Handik aurrera aramaioarren laguntza eta auzolan grinari esker proiektuak dimentsio publikoagoa hartu zuen. Babes horri esker egonkortu zen proiektua, 2012an indusketa eremu berriak irekiz eta 2013an informazio panelak jarriz eremu horien ondoan".
Gipuzkoa aldera zabaltzen
Proiektua Aramaion hasi arren, eta "zenbait bileraren" ostean, Arrasate eta Aretxabaleta ere proiektuan sartzea adostu zen; udalek eta Gipuzkoako Diputazioak diruz lagundu dute.
Aurtengo ekinaldian, jarraipena emango zaio orain arte egindako lanari: "Arabako aldean ez ezik, Gipuzkoako aldera ere eraman ditugu lanak, Murugain osotasunean ulertzeko", adierazi du Telleriak. Izan ere, joan den astean hasi ziren lanean eta dagoeneko ireki dute Arrasateko eremuan indusketa gune bat: "Lubakiak aurkitzeko asmoz ireki dugu, eta horrela dirudi, oraingoz".
Aretxabaletako aldean Burdin Aroko harresiaren zati bat azaleratzeko lanetan jartzeko asmoa ere badute, eta, azkenik, Aramaioko aldean auzolanerako bideratuko den beste eremu bat irekiko dute, 2012an egin zuten moduan.
Pozik orain arteko bidearekin
Arkeologia proiektuetan finantzazioa izan ohi da buruhauste iturri nagusia, eta Murugaingoa ez da salbuespena izan. Hala ere, Etor Telleria arkeologoak balorazio "positiboa" egin du orain arteko bideaz: "Pozik gaude orain arte egindako lanarekin, batez ere, Murugainek ekarri duen historiaren ezagutzarengatik. Burdin Aroko herrixkari dagokionez bai, baina batez ere 36ko gerrako lubaki eta defentsa sistemei dagokienez, historia osatzeko hainbat aztarna aurkitu ditugu".
Auzolanak, "aberasgarriak"
Murugaingo proiektuaren barruan herritarrek ere egin dute ekarpena; izan ere, 2012an lehenengoz auzolanean egin ziren indusketa batzuk. Lehen saioa arrakastatsua izan zen, bederatzi herritarrek egin zuten bat. Orduan, Aramaioko Ondarea Babesteko Taldekoak (AOBT) izan ziren auzolanerako herritarrak erakarri zituztenak: "Gaiak interesa piztu zuen. Lubakietan aurki daitekeen material belikoa da erakargarriena jendearendako. Espainiako gerra gertu dago oraindik; isilpean eta sufrimenduz eraman dute askok", diote AOBTkoek.
Indusketen zuzendari Etor Telleriarendako, auzolanak "oso aberasgarriak" izan dira: "Jendea bere herriko ondarearen ezagutzara gerturatzeko era bat da, inplikatzeko modu bat, eta baita arkeologia lana gertutik ezagutzeko modu bat ere. Lan giro ona izaten da nagusi eta esperientziak partekatzeko modu polita izaten da. Arkeologoon lana ere bada gure lana jendeari erakustea, eta horrelako erantzun ona izateak asko betetzen gaitu". Hala, Telleriak gaineratu du lanean ari diren bitartean gerturatzen direnei "gustura" emango dizkietela azalpenak.
Hilaren 23rako eta 26rako deialdiak
Murugaingo proiektuaren oinarrietako bat da auzolana. Ondare Babesa enpresako arkeologoek 2012an jo zuten lehenengoz herritarrengana; Aramaion egin zuten deialdia eta aramaioarrek "ondo" erantzun zuten. Aurten Arrasatera eta Aretxabaletara ere ireki dute proposamena eta zapatuan egin zuten lehen saioa. Hurrengo deialdiak asteon izango dira, eguaztenean eta zapatuan; 10:00etatik 14:00etara egongo dira lanean, gutxi gorabehera. Lurra ateratzea izango da lan nagusia eta beraz, herritarrek aukera izango dute aurkikuntzak bertatik bertara jarraitzeko. Ohikoa denez, lan egin ostean hamaiketakoa egingo dute Aramaio, Arrasate eta Aretxabaletako udalek ordainduta.