Gazteen, guraso bakarreko familien eta etorkinen pobrezia arriskuaz ohartarazi dute

Euskadiren ekonomia %1,2 murriztu zen 2013an, baina bere onera etortzen zebilen aztarnak hasi ziren eta bigarren erdian enplegu-suntsitzea geldotu egin zen. Hala ere, oraindik gazteen bizi-baldintzak ziren gehien okertzen zihardutenak: benetako pobrezia egoeran zeuden hamar lagunetik seik 35 urte baino gutxiago zituzten.

Horiek dira Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak (CES) 2013ko Memorian batu dituen ondorioetako batzuk. Memoria martitzenean aurkeztu zuen CESeko presidente Juan Maria Otaegik.

Memoria Sozioekonomikoak EAEko gizartearen eta ekonomiaren erretratu zehatza egiten du analisi eta estatistika bidez.

%1 produktiboagoak

Ekonomia orokorrari dagokionez, 2012an %1,6 murriztu ondoren, 2013an zertxobait hobera egin zuen Euskadiren ekonomiak. Enpleguak "zertxobait hobera" egin zuen eta, batez beste, %0,1 hazi zen; lanaren produktibitatea %1 hazi zen, Europako Batasunean baino gehiago. CESen iritziz, "Europako batez bestekoarekiko diferentzial positiboari eustea gakoa izango da euskal enpresen lehiakortasunerako".

2013 bukaeran, iraupen luzeko langabezia erregistratutako langabeziaren erdia zen.

Umeen pobrezia arriskua

Pobreziari dagokionez, guraso bakarreko familiek, 45 urtetik beherakoek eta etorkinek dute pobrezia arrisku handiena. Europan eta EAEn, multzo horien bizi-kalitateak 2012a ezkero okertzen diharduela gogorarazten du CESek, eta iaz, "benetako pobrezia egoera" bizi zuten hamar biztanletik sei 35 urtetik beherakoak ziren. Familiaburua kualifikazio bako norbait duten familiak ere arriskuan ikusten ditu CESek, eta baita umeen %22,3 ere. Hori kontuan hartuta, "diru-sarrerak bermatzeko euskal sistemari eutsi ahal izango zaion" itxaropena agertu du CESek baina, era berean, "hezkuntzan inbertitzeko beharra" ikusten du.

Zentzu horretan, adibidez, unibertsitateko eta unibertsitate ondorengoko matrikulazio gehiago izan ziren iaz, CESek dioenez, eta bereziki azpimarratzen du Lanbide Heziketan izandako gorakada, izan ere, derrigorrezko hezkuntza bukatzen duten ikasleen %53,6k Lanbide Heziketa aukeratzen dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.