Joseba Egibar: "PSOEko agintari berriekin, lehengo lepotik burua!"

Eneko Azkarate 2014ko uzt. 18a, 10:00

Legebiltzarreko ikasturtea amaitzear dela, gaurkotasun politikoaren errepasoa egin du Joseba Egibar Gipuzkoako jeltzaleen buruak. Sozialisten idazkari nagusi berria, Urkulluren Jaurlaritzaren jarduna edota Gipuzkoako politika ditu berbeta gai.

Pedro Sanchez aukeratu dute Espainiako sozialistek PSOEko idazkari nagusi izateko. Ustekabea izan da zuretako?
Prozesu guztia izan da ustekabekoa. Rubalcabaren dimisioa, idazkari nagusi berria aukeratzeko prozesua… Errespetu guztiekin, iruditzen zait hautagaiek ez dutela aparteko heldutasun politikorik adierazi. Ikusi beharko dugu zer dioen Sanchezek, baina hautagaiei ez dizkiet ideia berririk ikusi. Euskal Herriari dagokionean, ez dute bereizketarik egin eta Kataluniaren gainean esan dutena entzunda, ez da inongo berritasunik. Estatu ereduari buruzko hausnarketarik ez dute egin… Lehengo lepotik burua!.

Tapias edo Madina aukeratu izan balute bestelako iritzia izango zenuke?
Ez dakit, bada. Alderdi Sozialista, azkeneko urteotan, motel ikusten dut. Ez dago berrikuntzarik. Eta euskal gai edo arazoei lotutako gaiei dagokienez, ez zait batere egokia iruditu Rubalcabaren jarduera. Bateragune, esaterako, hark hartutako erabakien ondorio da.

Euskal sozialisten idazkari nagusia aukeratzeko prozesua abian da eta badirudi Idoia Mendia izango dela idazkari nagusia.
Hura omen da hautagai bakarra eta, ondorioz, badirudi, etorkizunean hura izango dela PSE-EEren idazkari nagusia eta, etorkizunean, baita lehendakarigaia ere. Zertan datza hemen ere berrikuntza? Nortasun propiorik gabe ikusten dut alderdi sozialista. PSE-EE izan behar baldin bada PSOEren adar bat eta ekarpen propiorik ez badio egiten Euskal Herriari, etorkizunik ez du izango. Ez dut nik bakarrik esaten, Egigurenek berak esaten du hori, baita beste askok ere. Berrikuntza bada lehengoa egiten jarraitzea…

Zelakoak dira orain sozialistekiko harremanak hemen eta Madrilen?
Harreman onak baino gehiago, dira interesatuak. Interesa zentzu noblean ulertuta. Euskal Autonomia Erkidegoan eta, epe ez hain luzean, Nafarroan ere bai, bi alderdi nagusi izango dira. Eta, hortik aparte, gainerako alderdiak ikusiko dugu non kokatzen diren. PSE-EEk, batez ere Gipuzkoan, izan du garai bat, arazo sozialak tarteko, eta erakutsi nahi izan digu jeltzaleoi beste logika politiko bat posible dela, Bildurekin ituna eginez. Baina urte eta erdiren ostean, konturatu dira hortik ez doazela inora; ondorioz, etorri dira guregana. Bestalde, era berean, sozialistak badatoz EAJren politika baldintzatzera. Izan ere, alderdi espainola dira. Eta ikuspegi horretatik, EAJk eman ditzakeen pauso estrategikoen abiadura baldintzatzen saiatu dira.

Ezker abertzalearekin ere aritu dira bakegintzaz.
Rubalcaba Barne Ministro zen garaiko kontuak dira. Baina ezker abertzalekoek esan dutenez, agindu zituzten gauza batzuk ez zituzten bete sozialistek. Esan nahi dudana da sozialistekin elkarren interesarengatik gabiltzala, gauzak konpontzeko helburuarekin, baina arrimu hori baldin bada postuak banatzeko, horrek politikan ez dauka etorkizunik. Une puntual baten, estutasun batetik aterako zaitu, baina hortik aurrera….

EAJren eta PSE-EEren arteko ituna luza daiteke hauteskunde ostera?
Ikusten gabiltza hauteskunde egunera arte sozialisten jokabidea dela ezker abertzalearekin harremanik ez edukitzea eta gurekiko hika-mikatan aritzea. Eta, hauteskunde ostean, emaitzak ikusi ondoren, aztertu beharko da zelako itun edo koalizioak egin ditzaketen.

Urte eta erdi egin du Urkulluren gobernuak. Helburuak betetzen ari dira?
Hiru helburu marraztu zituen lehendakariak: jarduera ekonomikoa suspertzeko estrategiak gauzatzea; bakegintza eta normalizazio politikoa eta estatus politiko berria. Eta helburuak bideratzen ari dira. Ekonomia suspertzeko, esaterako, halere, enpresetan bereziki, sindikatu, enpresaburu eta erakundeek eskutik joan behar dute. Denak batera.

Enpresaburuen eta sindikatuen artean, baina, akordiorako zantzu gutxi ikusten da.
Bai. Erreforma larriak ere egin dira, baina Euskal Herriaren ekonomiaren bihotzean industria dago eta hori zaindu egin behar dugu, etorkizunean industria izan dadin atzera ere ekonomiaren Barne Produktu Gordinaren %30 inguru.

Bake prozesua geldi, inpasse egoeran, dago.
ETAren indarkeria amaitu denez, bakea iritsi dela-eta, elkarbizitza, normalizazioa, bakegintza…, halakoetan zertarako gabiltzan pentsatzen duenik bada. Bakea iritsi dela eta kito, ez dagoela beste ezer egin beharrik. Baina hemen asko dago egiteko. Iragana hor dago eta giza eskubide guztien errespetutik abiatuta, kudeatu egin behar da sasoi berria. PPk eta PSOEk denboran atzeratu nahi dute ETAren desagertzea. Atzeratzen den neurrian denbora politikoa haiek kudeatuko dutelako. Estatua denbora irabazten ari da. Horregatik beharrezkoa da ETAk edo ezker abertzaleak alde bakarreko urratsak ematea.

Zela doa, hortaz, legebiltzarreko Bakegintza eta bizikidetza plana?
Politikan ataskatua egon arren, Jaurlaritzak lanean dihardu: eskoletan, biktimekin… Bake eta bizikidetza ponentzian ez dute parte hartu nahi PPk eta PSE-EEk. ETA jardunean zegoenean, edozein tokitan hitz egiten zen ETArekin, gai hauez; orain, bukatu denean ETAren jardun armatua, ez dute nahi ezertaz hitz egin.

Jonnathan Powell Euskal Herrian da egunotan. Ze espero duzu bisita horretatik?
Mc Guiness ere etorri da. Hauek ez dira bitartekariak. ETAren bide-orria egiaztatzen dela laguntzera. Ondo etorriak. Halere, badauzkagu erakundeak soluzioak topatzeko. Gure esku dagoen zerbait egiten ez dugunez datoz kanpotik hauek guztiak. Espainiako gobernuak ateak itxita ditu eta denbora batez ez ditu zabalduko. Eta horri soluziobideak aurkitzeko baldin badatoz, ondo etorriak. Baina euskal gizarteak badaki garrantzitsua dela bakeaz gain normalizazioa eta bizikidetza lortzea.

Estatus politiko berria da Eusko Jaurlaritzaren beste helburua. Ortuzarrek kontzertu politikoa proposatu du…
EAJren eta Eusko Jaurlaritzaren posizioak ezagunak dira. Baina mundua  aldatzen doa eta Katalunian eta Eskozian gertatzen ari dena, autodeterminazio eskubideak, subjektu politikoak…, horiek eztabaidan daude. Hori irabazi dugu. Eztabaida horren ondorioak akordatzea edo adostea beste kontu bat da. Bakoitzak jarri behar du bere proiektua mahaiaren gainean. Guretako ahalik eta akordiorik zabalena lortu behar dugu. Horrek ez du esan nahi batendako oinarrizkoa dena baztertu behar denik. Herri bat garela argi dago. Eta, ondorioz, berezkoa du erabakitzeko eskubidea. Ariketa hori ados daiteke? Hori da PPri eta PSE-EEri egin behar diegun galdera eta ezin dezakegu onartu beto eskubidea. Elkarbizitzarako eskaintza egiten dihardugu, ezin du inork inposatu. Kataluniakoak ez du atzera bueltarik.

Egingo dute herri galdeketarik?
Debekatu egingo dute. Eta hauteskunde plebiszitarioak etorriko dira ondoren. Estrategia horren atzean daudenek ondo neurtu beharko dute erabakia eta denboran eutsi erabaki horri. Guk ere egin genuen gure eskaintza 2008an, baina abertzaletasuna zatituta zegoen orduan. Bi aukera zeuden: bata politikoa eta bestea politiko-militarra. Hori bukatu da, baina haren ondorioak ez. Eta elkarren arteko konfiantza berreskuratzeko lan egin behar da. Gauzak aldatzen doaz, edozelan ere. Eskumakoek, FAESekoek eta hauek, ikusten dute aldaketa eta batzuek idatzi dute Kanadan Quebec-ekin bezala, hemen ere argitasun lege bat behar dugula. Erabakitzeko eskubidea behin eta berriro ukatzen ezin direla ibili.

Ekainaren 8ko giza katean horrenbeste jende espero zenuen?
Asko bai, baina ez horrenbeste. Jendeak badu gogoa zerbait adierazteko, bistaratzeko. Baina ez zerbaiten aurka, zerbaiten alde baizik. Hori izan da posible, besteak beste, ETA ez dagoelako. Egongo balitz, Gure Esku Dago ez litzateke posible izango.

EAJk mobilizatu du bere jendea?
Bai, bai. Baina Gure Esku Dago-koek eskatu ziguten alderdiak bigarren maila baten geratzeko. Tokian tokiko alderdikideak ibili dira. Batzuk entusiasmo handiarekin eta beste batzuk gutxiagorekin. izan ere, Herri honetan elkarri eskua ematea inportantea izanik, une batzuetan ez dira baldintzak ematen elkarri eskua emateko. Errespeturik ez badago faltsukeria da elkarri eskua ematea. Egunez irainak bota, gauez pintaketa bat jasan eta hurrengo egunean eskua elkarri? Zaila da. Ulertzeko modukoa da. Halere, benetan uste dut gisa honetako prozesuetarako beharrezkoak, ezinbestekoak, direla giza mugimenduak. Herritarren mugimenduek eta erakundeek edo alderdi politikoek eskutik behar dute, bakoitzak bere rola jokatuz, oreka garbiarekin eta naturaltasunez.

Ezker abertzaleak kritikatu egin du du gutxi batzuen esku geratuko dela Kutxabank. Hala da?
Ez da egia. Ezker abertzalea korapilo baten sartu zen hasieratik. Kutxabank-en sartzeko bost ordezkari behar zituztela esan zuten. Baietz esan genien, baina une hartan lau zeudela eta sartzeko eskatu genien, kudeaketa partekatu bat egiteko. Ezetz erantzun zuten. Galdu egin zuten. Eta errekurtsoak, irainak eta bestelakoak etorri dira ondoren. Denborak esango du zeinek babestu duen historikoki kutxek izan duten eginkizuna. Gipuzkoako familien ondasunak. Gipuzkoan aurrezten diren 100 eurotik 40 Kutxan daude.

Azkenean izango dugu Euskal Udalen legerik?
Inportante bihurtu da orain arte legerik ez dagoelako. Saiakera egingo dugu onartzeko. Eudelekin eta hiru diputazioekin egin da saiakera. Dena dela herri honetan udalek euren eskumenak eta egitekoak bermatuta izan dituzte beti. Bereziki, alderatzen baditugu Erregimen orokorreko Espainiako beste udal batzuekin. Euskal erakundeen arteko eskumenak eta betebeharrak ondo bereiztea ona da. Eta, inportanteena, eskumen horiei finantzazioa atxikitzea. Bereziki, diru sarrerak murriztu diren sasoi hauetan. Logikoa da udalek eskatzea joko arauak ondo finkatzea. Hori esanda, uste dut arazoa goiko sabaian dugula. Eskumen politiko berriak behar ditugula. Gizarte segurantzak bakarrik, esaterako, Jaurlaritzaren aurrekontu guztiaren adina hartuko luke.

Maiatzaren 25eko azken hauteskundeetako emaitzak zuek esperotakoak izan ziren Gipuzkoan?
Duela hiru urteko Udal eta Foru hauteskundeetan, ezker abertzaleak edo Bilduk lortu zuena olatu edo apar handi baten modukoa izan zen. Denbora pasa da eta gauzak bere onera etortzen ari dira. Europako hauteskundeak ez dira erreferentzia egokiena emaitzak alderatzeko eta udaletako eta foru diputazioen jarduna baloratzeko, baina, gipuzkoarrek egin dute hori, neurri baten. Batik bat Donostian edo, kasu batzetan, hainbat herritan ere, hiri hondakinen gainean EH Bilduk darabilen posizio itxia dela-eta. Etorkizuna baikor ikusten dut, bai politikoki eta baita hauteskundeei dagokienez.

Gipuzkoako ahaldun nagusigaia eta alkategai nagusiak aukeratu dituzue eta izenak ezagutzera ere eman dituzue. Baina Debagoienekorik ez…
Irailean emango dugu aditzera hori. Debagoieneko hiruzpalau alkategaien izenak emango ditugu. Kasu batzuetan alkategaia aukeratuta dago, baina bere prozesua behar du horrek: herrietako batzarrek onartu behar dituzte e.a.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak