Astelehenera arte hobetu ahal izango dira Fagor Etxetresnengatik dauden eskaintzak

Leire Kortabarria 2014ko uzt. 17a, 09:53

Gaur zenbait komunikabidek argitaratu dutenez, CNA eta Cevital enpresek, biek hobetu dituzte Fagor Etxetresnengatik eginda zituzten eskaintzak: CNAk 21,3 milioi eskaintzen ditu eta lehenengo urterako 501 lanpostu; eta Cevitalek confort lerroa ere sartu du bere eskaintzan, eta 23 milioi eskaintzen ditu. Dena dela, Fagor Etxetresnetako iturri ofizialek esan dutenez, epaileak oraindik beste epe bat irekiko du, astelehenera arte, eskaintzak are gehiago hobetzeko.

Fagor Etxetresnek ez dute eskaintza hobetu horien gaineko informazio ofizialik jaso; argitaratu dena filtrazio bidez zabaldu dela esan dute. "Atzo, administratzaile konkurtsalak ez zuen eskaintza horien berri", esan du enpresak.

Gaur, eguena, konkurtso-administratzailea epailearendako informea egitekoa da, eta eskaintzen gutunazalak irekiko dira. Baina horiek ez dira behin betiko eskaintzak izango: Fagor Etxetresnek diotenez, oraindik asteleheneko 15:00ak arteko beste epe bat irekiko du epaileak, eskaintzak are gehiago hobetu nahi badira.

Epe hori bukatuta, martitzenean, hilak 22, behin betiko eskaintzak irakurriko ditu epaileak; eguazten edo eguenean txostena egingo du eta "beharbada" horren berri emango duen autoa egingo du, baina ez da segurua.

Azkenik, Fagor Etxetresnen eta Edesaren aktiboen jabe berria zein den hilaren 28rako espero dute Fagor Etxetresnek, baina hori ere ustezko data da. Edozein modutan, abuztuaren 5a baino lehen gertatuko da hori.

Cevitalek, 23 milioi eta 1.450 lanpostu

Oraingoz dauden bi eskaintza hobetuen gainean, CNA taldeak oso gutxi aldatu du berea. Aldaketa handiena Cevitalek egin du: lehen momentuan 18 milioi eta, gero, beste bost ordaintzeko gertu azaldu da Cevital -betiere komunikabideek argitaratu dutenari kasu eginez-; 1.450 lanpostu ere eskaintzen ditu, horietatik 450 lehen urtean sortutako lanpostu zuzenak. Lanpostu horietatik 330 bazkide kooperatibistendako izango lirateke, eta 120, langile ohiendako. 2019rako 520 lanpostu zuzen ere eskaintzen ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak