Stirling teknologiaren gaineko nazioarteko kongresua izango da Bilbon, Mondragonen eskutik

Leire Kortabarria 2014ko uzt. 16a, 10:40
Javier Arantzeta, Stirling Zentroan.

Stirling teknologiari buruzko 16. Nazioarteko Kongresua egingo dute irailean Bilbon, Mondragon Componentesek eta korporazioko Stirling zentroak antolatuta. 

Efizientzia energetikoari eta teknologia “berdeei” buruzko ezagutza eta aplikazioak konpartituko dituzte kongresuan, hiru egunean, eta Stirling teknologian "munduko elitea" batuko da Bilbon, antolatzaileen esanetan. Euskalduna jauregian izango da kongresua irailaren 24tik 26ra.

Eusko Jaurlaritzako eta Diputazioko ordezkariez gain, Paul Verhoef, Energia Berri eta Berritzaileen Europako komisarioa, eta Carlo M. Bartollini, Stirling Internationaleko presidentea ere hantxe izango dira, eta mundu akademiko, zientifiko eta industrialetik datozen pertsona ugari ere bai.

Stirling Zentroko zuzendari Javier Arantzetaren hitzetan, “hiru egun hauetan zehar gurekin izango ditugu bost kontinenteetako 30 herrialdetatik etorritako 80 hizlari baino gehiago”.

NASAn ere erabiltzen dute

Ekitaldian askotariko gaiak landuko dira: besteak beste, biomasa, biogasa, geotermia, solarra, kogenerazioa bezalako aplikazio berriztagarriak, hozte-sistemak, bero-ponpak, termodinamika…

Jarduera programa zabala izango da kongresuan, eta, antolatzaileen esanetan, enpresa nahiz entitateentzat aukera “paregabea” izango da mundu osoko profesional eta erakunde espezializatuen arteko ezagutza teknikoa elkartrukatzeko.

Aeroespaziala bezain exigenteak diren sektoreetan aurki dezakegu gaur egun Stirling teknologia, NASA eta alor militarreko aplikazioetan, besteak beste. Kongresu hau bezalako ekitaldien helburua izan ohi da teknologia hauek gertuagokoak zaizkigun aplikazioetara hurbiltzea, kontsumo edo industria merkatuak kasu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak