Begarako Mizpirualde, Oñatiko San Martin eta Arrasateko Iturbideren kudeaketa Foru Aldundiarena izatera pasatuko da. Noiz egingo diren eskumen aldaketa horiek, baina, zehazteke dago oraindik.
Jakin badakiguna da, Gipuzkoako adinekoen 16 udal egoitzen kudeaketa pixkanaka bere gain hartuko duela Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta datorren urteko martxorako Gipuzkoako bost zaharren egoitza bere gain izango dituela; Villabona, Zumaia, Elgoibar, Lasarte-Oria eta Azkoitiko egoitzak, alegia.
2008ko Gizarte Zerbitzuen Legeak ezarritakoa beteko da modu horretan; izan ere, haren arabera foru administrazioen konpetentzia da zentro horien kudeaketa.
Kabia erakunde autonomoa sortu du
Zentroen kudeaketa bere gain hartzeko, Foru Aldundiak Kabia izeneko erakunde autonomo berriaren sorrera arautuko duen Foru Arauaren erakusketa publikoaren tramitea hasi du. Kabiaren sorrera, Batzar Nagusiek onartu beharko dute uda ondoren.
Bi fasetan egingo da 16 zentro horien aldaketa eta Kabiak, lehenik, Villabona, Zumaia, Elgoibar, Lasarte-Oria eta Azkoitiko zaharren egoitzak hartuko ditu bere gain. Foru Aldundiak horiekin hastea erabaki du, egoitza horien baldintzak kontutan hartuta.
Diputazioak, bestetik, kudeaketa zuzenaren aldeko apustua egingo duela aurreratu du, zuzeneko kontratazioak gehituz eta azpikontratazioak gutxituz.
Lasaitasun mezua
Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek lasaitasun mezua helarazi die egoitza horietako langile, egoiliar eta haien familiei. Langileei ziurtatu die euren lanarekin jarraituko dutela eta Aldundiak oraingo lan baldintzak mantenduko dituela.