Legorretan, Ederfil eta Beckerreko arduradunek bi kooperatiben fusio prozesua azaldu dute. Prozesuaren helburua izan da eroale elektrikoen fabrikazioan aritzen diren Mondragon Taldeko bi enpresa horien lehiakortasuna hobetzea.
Diputatu nagusiarekin batera egon dira Jon Peli Uriguen, Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko diputatua, eta Pedro Iturbe, Lurralde Garapeneko zuzendaria, eta gogora ekarri dute Foru Aldundiak bultzatu egiten dituela enpresen arteko kooperazio eta kontzentrazio prozesuak: "Enpresa gipuzkoarrak oso txikiak dira. %99 baino gehiago mikroenpresak edo enpresa txikiak dira, eta portzentaje hori Europako batez bestekoaren gainetik dago. Horrek hainbat abantaila ditu, hala nola enpresa sarearen kapilaritatea; baina, aldi berean, badira dimentsio zabalagoa eskatzen duten proiektuak".
Martin Garitanok gogorarazi du ere Foru Aldundiak hitzarmen bat duela Merkataritza Ganberarekin eta eskualdeko garapen agentziekin, Gipuzkoako oinarri esportatzailea %30 arte handitzea lortzeko, eta horretarako enpresa txikiei laguntzen die internazionalizazio prozesuetan. "Urratsak egiten ari gara, proiektu handiei aurre egin eta atzerrira irteteko baliabiderik ez duten enpresa txikiek horretarako aukera izan dezaten, eta lehiakorragoak izan daitezen, lanpostu berriak sortuz", esan du Garitanok.