30eko hamarkadan, ordea, Hans Seyle filosofo eta medikua termino bera erabiltzen hasi zen egoera eta gertaerek pertsonengan izaten dituzten erreakzioak izendatzeko. Hein batean, estresa arriskuaren aurrean organismoak bizi duen erantzuna da.
Egoerak gainezka egiten du
Azken urteotan gora egin du antsietateak edo depresioak izateko prebalentziak Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen artean [ikus taula]. Krisiak eta egoera ekonomikoak badute zeresana horretan."Etorkizunean zer gertatuko den ez jakiteak estresa sortzen digu. Kaleratua izatearen beldurrak, enpresen itxierek edo egoera ekonomikoak ziurgabetasuna eragiten dute. Etorkizuneko estresa da hori", zehaztu du Rafael Cristobal psikiatrak.
Hala ere, gaineratu du egonkortasun egoeretan ere izaten dela estresa eta hainbat izan daitezkeela arrazoiak: afekturik eza, eskolako emaitzekiko kezka, maitasun kontuak, bakardadeari beldurra... "Estresa arrisku baten aurrean gaudenean sortzen da. Sinpleki esanda, lau litro eta erdiko ontzi baten bost sartu nahi baditut, urak estresa sufrituko du, ez delako sartzen. Hein batean, estresa estutasuna da eta horrek gorputzean eragiten dituen ondorioak", azaldu du.
Estresak ez du aurpegirik
Bestalde, estresa jaiotzen garen unetik sufri daitekeela dio Cristobalek. "Ez du adinik. Pertsona bat sufrimendu egoera batean dagoenean estresa egongo da, duen adina duela". Hala, adituak dio sehaska garaian izan daitekeen sintoma dela. "Haurra negarrez esnatzen bada eta ez badu inork babesten, horrek estres handia eragingo dio", argitu nahi izan du.
Beraz, ez dago adinik estresarentzat, psikiatraren esanetan, ezta profil zehatzik ere. "Besteengan konfiantza izateko, arazoak komunikatzeko, gaitasuna galdu dutenak izan ohi dira estresa pairatzen dutenak", adierazi du.
Bestalde, denboran zenbat luzatzen den edo zenbat iraun dezakeen zehaztea ere zaila omen da. "Bizi osoa iraun dezake eta gorputzean kalteak eragiten joan. Estres kronikoa deritzogu horri. Egoera batek eragindakoa bada, berriz, puntuala izan daiteke eta ingurukoen edo profesionalen laguntzaz gaindi daiteke".
Sintomak eta irtenbideak
Zeintzuk dira, baina, sintomak? "Gertatuko denari ikara izango diogu", dio adituak. Horretaz gain, sentitzen diren ondoez eta nerbioek eragina izango dute organismoan, honakoak eraginda: bihotz-taupadak areagotu, arnasteko zailtasuna, zorabioa, beherakoa, botaka egiteko gogoa, gorputzeko hainbat atalen izerditzea, begi-ninien dilatazioa...
Egoera horri aurre egiteko norbaiten babesa edo laguntza izatea ezinbestekoa da, Cristobalen arabera: "Estresa eta antsietatea arintzeko orduan konfiantzarako duzun gaitasunak zeresan handia du. Izan ere, norbaiten laguntza izatea beharrezkoa izaten da arazoari aurre egiteko. Sufritzen ari denak konfiantzarako kapazitaterik ez badu, ordea, eta dena beretako gordetzen baduzu, estres egoera uneorokoa izango da". Psikiatrak gaineratzen du beti dagoela arazoren bat, eta, beraz, estreserako arriskua uneoro dagoela, baina gainditzea lortzen dela hurbilekoek arazoari aurre egiten laguntzen badiote.
Psikiatrak zehazten du, ordea, hainbat kasutan arazoari ezin zaiola aurre egin ezagun baten laguntzarekin. Kasu horietarako, gaian aditu diren "talde profesional oso ona" dagoela dio. Eta gaineratu 50eko hamarkadatik aurrera ezagutza asko areagotu dela: "Orain dela urte batzuk hainbat desoreka ezezagunak ziren eta askotan pretikiloarengana jotzen zen. Oso ondo zegoen, laguntza eta konfiantza ematen zielako sufritzen ari zirenei, baina ez zen jakiten zergatik gertatzen zen. Egun, badakigu lehen ezagutzen ez ziren hainbat gauzari nola egin aurre".
Cristobalek irtenbide desegoki bat ere aipatu nahi izan du: "Askok alkohola erabiltzen dute soluzio bezala. Izan ere, edariak estresa arintzen du, eta medikamentu bat balitz bezala erabiltzen dute".
Beste metodo batzuk ere badaude. Adibidez, Lourdes Agirrebengoa antropologo oñatiarrak El poder del ahora filosofia oinarri hartuta estresa eta antsietatea arintzeko teknikak erakusten ditu. Hitzaldiak egingo ditu Eskoriatzan (hilaren 15ean eta 17an, 19:00etan, Ibarraundi museoan) eta erretiroa Arantzazun (uztailaren 19tik 20ra Santutegiko Hotelean. Izena emateko ointxebai@gmail.com edo 633 822 019) [ikus hari eginiko elkarrizketa]. Cristobal medikuak ongi ikusten ditu halakoak: "Uneoroko tentsioa bizi duten pertsonendako neurri egokiak izan daitezke yoga edo kirola, adibidez. Sintoma somatikoak (arnasketarako zailtasunak edo tentsio muskularrak) kentzen laguntzen die. Hala ere, hauek erremedio sintomatikoak dira. Hau da, yogarekin ez duzu kausa edo jatorria konpontzen, baina efektuak arintzen dituzu. Hein batean, Aspirina bat hartzea bezala da, baina naturalagoa, eta hainbat kasutan ondo doa".
Erremedioa jartzea baino, hobe izaten da prebentzioa, ordea. "Edozergatik haserretzen edo kexatzen gara. 'Oporretara joan gara eta euria!' Horrek gainditu eta dominatu egiten gaitu. Noski, eragin zuzena du gure egoeran", dio Agirrebengoak. Hein batean, ur-pitxarrak erraz egiten omen du gainezka, eta hori aldatzen saiatu behar da estres egoerara ez iristeko.
----------
Estresaren aurrean, erremintak
Aurre egiteko:
Medikamentua: betiere, medikuaren aginduz.
Erlaxazioa: arnasketa eta muskuluen lasaitzea.
Teknika kognitiboak: metodo psikologikoak pentsamendua egituratzeko.
Masajea: muskuluak erlaxatzen eta odol-zirkulazioa estimulatzen du.
Hidroterapia: urak, presio eta tenperatura egokian, erlaxatzeko balio du.
Musika-terapia: musika lasaigarri bezala.
Prebenitzeko:
Behar beste lo egin: zortzi ordu-edo. Gakoa da, baina, indarberritzea.
Ariketa fisikoa: poza eragiten dute endorfinek.
Erlaxazio teknikak: egunean hamabost edo hogei minutu. Alternatiba izan daiteke siesta.
Denbora ondo organizatu: presak eta zereginen metaketak estresa eragiten dute.
Lana bizitza pertsonaletik banatu.
Komunikatu: arazoen gainean berba egin.
Monotonia hautsi: atsekabea eragiten du.
----------
Etxea lantoki izatearen kalteak
Jardun profesionala etxetik burutzeak hainbat abantaila ditu; adibidez, ordutegian malgutasuna. Hala ere, baditu desabantailak ere. Aspektu ekonomikoan, berogailuaren, aire girotuaren eta argiaren kostuaren igoera. Horrez gain: bakardadea, lanetik deskonektatzeko zailtasuna, lan-aukerak galtzeko arriskua... Hala, adituek diote asteko egun batzuetara mugatu beharko litzatekeela etxetik lan egitea (bostetik hirutan, adibidez). Edo etxetik eginiko lana, bilera puntualekin tartekatzea.
----------
Lourdes Agirrebengoa (antropologoa): "Badaude antsietateari aurre egiteko metodo edo praktikak"
Antropologo oñatiarrak eguneroko estresa eta antsietatea arintzeko teknikak erakusten ditu.
Nondik datoz estresa eta antsietatea? Kausa pentsamendu eta emozioen identifikazioan dago. Hau da, gure arreta pentsamenduek eta sentimenduek hartzen dute. Horiek iraganean edo etorkizunean oinarritzen dira; esaterako: honek hau esan zidan atzo edo hura dut egiteko bihar. Gure buruak ezin du hemen eta orain egon, pentsamenduez elikatzen da eta harrapatu egiten gaituzte. Horrela, pentsamendu horiek gure norakoa gidatzen dute. Une eta momentu honetan ez dauden arren, nik horretan dut burua. Ezin diogu horri aurre egin zerbait mentala delako. Nola ez zaigu antsietatea sortuko egoera horretan? Normala da. Ez badugu pixka bat praktikatzen eta gure atentzioa pentsamenduetatik hona ekartzen, antsietatea eta estresa sufritzea normala izango da.
Zer praktika dezakegu? Arreta orain eta hemen dagoen zerbaitera ekartzea praktikatu behar dugu. Adibidez, arnasa beti dago hemen. Hartu bi segundo eta zure arreta ezarri arnasketan. Edo zure gorputzeko atal batean. Adibidez, oinez zoazenean oinetan edo ontziak garbitzen zabiltzanean eskuetan. Poliki-poliki praktikatu eta ikusiko duzu izugarrizko indarra duela. Une honetara etortzeko sarrerak erabili behar ditugu; bestela, pentsamendu eta sentimenduek hartzen gaituzte. Beti saiatuko dira zu arduratzen edo prisa sartzen, baina zuk orainaz konexio hori bilatu behar duzu. Aldea nabaritzen da. Lehen, arazo bat zenuenean estresatu egiten zinen, eta orain, distantzia bat izango duzu. Pentsamenduek galtzen dute zorigaiztoko egiteko gaitasuna, estresatzeko edo antsitatea sortzeko ahalbidea eteten zaie poliki-poliki. Beste ate garrantzitsu bat onartzearena da. Gertatutakoa onartu behar da. Egin dezakezuna da onartu eta unean uneko urratsak egin. Eckart Tolle-k du idatzita El poder del ahora eta bertan azaltzen da dena oso ondo. Buruarekin eta pentsamenduarekin irakurtzen badugu, zaila egingo zaigu, praktikatu egin behar da.
Zaila al da praktika? Ez, oso erraza da. Adibidez, lanean kafe bat hartzera zoazenean, zure oinatzetan jartzea arreta, edo arnasketan. Hasiera batean, errazagoa da bakarrik zaudenean praktikatzea, baina denborarekin gaitasun handiagoa lortzen dugu eta jendaurrean egiteko gai izango gara. Oso garrantzitsua da. Kontuan izan behar dugu adimenari edo buruari asko gustatzen zaizkiola dramak. Tentsio eta haserreez elikatzen da. Egun, jende asko dago sufritu nahi ez duena, eta hasi dira metodologia hau praktikatzen. Neuk ere ikusi dut oso efektiboa dela. Gainera, sinplea da, etxean egin daitekeen zerbait.
Praktikan jarriko duzue metodoa Arantzazun. Bai; erretiroak egingo ditugu metodologia praktikan jartzeko. Lehena pase den asteburu honetan egin dugu, ondo joan da. Bigarrena hurrengoan (hilak 19-20) egingo dugu. Izena eman nahi duenak ointxebai@gmail.com helbidera idatz dezake edo 633822019 zenbakira deitu. Bestalde, hitzaldiak ere emango ditut Eskoriatzan teoria azaltzeko aste honetan.