Ehunmilak probako lasterkariek sartu-irtena egin dute Debagoienean

Silvia Trigueros, emakume txapelduna.

Egubakoitzean hasi eta gaur arratsaldea artean mendiz mendi ibili dira hainbat kirolari; izan ere, Ehunmilak proba jokatu da aste bukaeran. 168 kilometro egin dituzte 11.000 metroko desnibelarekin eta izena emandako 295 lagunen artean hainbat debagoiendar zeuden. Irabazleen artean, ezustekorik ez, Javi Dominguez nagusitu zen (23:29:10) Imanol Alesonen aurretik (24:40:29). Eta nesken artean Silvia Triguerosek ez zuen aurkaririk izan (28:48:23).

Bosgarrenez egin du Ehunmilak Iker Agirrebalzategi oñatiarrak. Eta bosgarrenez, bukatu ere bai (34:32:02). "Hasi ondo egin nintzen baina 90. kilometroaren bueltan belaun inguruan molestiatxo batzuekin hasi nintzen. Orduan suabeago hartzea erabaki nuen", esan du gaur, eta gaineratu: "Ez dut nire denborarik onena hobetu; 30 ordu eta erdian eginda daukat-eta. Horren azpitik sartu gura nuen baina zaila da halako mendi lasterketa luzean, arazotxo bat ez bada beste bat beti sortzen delako. Hori jakinik, eta, proba ezagututa, helburua bukatzea zen, eta hori lortu dut beste behin".

Eguraldi eskasa izan zuten, gainera: "Nahiko txarra egin digu, esandakoa baino euri gehiago egin du-eta, bai egubakoitz gauean, baita zapatu eguerdian ere. Eta Aralar inguruan ipar-haizea zela eta euriarekin bustita hotz handia pasatu dugu; izan ere, Txindokira igo eta Aralar inguru hori 1.400 metrotara pasatzen da, denbora luzean, gainera", argitu du. Hori horrela, bidea lokaztuta, bustita eta labainkor, baina ez zuen aparteko arazorik izan.

Gorlan jende asko

Debagoienean ere egin dute sartu-irtena mendi lasterkariek, izan ere, Gorlatik pasatu ziren egubakoitz gauean, 22:00ak inguruan. Anoa postua ere bazegoen bertan Pol Pol mendizale elkarteko kideen ardurapean, eta lagun asko elkartu ziren mendizaleei animoak emateko. "Gorlan eta Zumarragan jende asko zegoen, oraindik goiz zelako. Madarixan ere 50 bat lagun topatu genituen animatzen, nahiz eta 02:30ak izan".
Bost aldiz egin eta bostak bukatuta pozik dago Agirrebalzategi: "Helburua beti da hobetzea, baina bukatuta bakarrik ere a ze poztasuna".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.