Foru Ogasunak esan du Aldundiaren zerga-erreformak "emaitza onak" utzi dituela 2013ko errenta aitortzeko kanpainan, hau da, aurten egin den horretan.
Amaitu berri den 2013ko Errenta kanpainan 374.060 aitorpen tramitatu dira, 2012ko kanpainan baino %1,7 gutxiago (380.699).
Mekanizatuak, %13,7 gutxiago
Modalitaterik zabalduena etxeetara bidalitako autolikidazio proposamenak izan dira, ia bi heren. Herritarrek inoiz baino autolikidazio proposamen gehiago onartu dituzte (212.087). Aurreko urtearekin alderatuta, %3,7 igo dira onartutako autolikidazio proposamenak, nahiz eta iazko proportzio berean onartu diren, hau da, autolikidazioa jaso dutenen artean, 10etik bederatzik onartu dute, iazko antzera.
Internet bidez egindako aitorpen kopuruak (nor bere kabuz edo aholkulari bidez) antzera jarraitu du, eta errenta mekanizatuan %13,7 aitorpen gutxiago tramitatu dira.
Iaz baino jende gutxiagori itzuli zaio dirua
Ogasunak 284.641 zergaduni dirua itzuli behar izan die (%76,09); aurrekoan, berriz, 296.296 zergaduni. Dirua itzuli zaienei, 1.071 euro itzuli dizkie Ogasunak batez beste (aurrekoan, 1.107 euro). Denetara, 304.991.258 euro ordaindu dizkie Ogasunak itzultzeko emaitza izan dutenei.
Aldiz, %23,91k ordaintzeko emaitza izan dute. Guztira 89.419 aitorpen izan dira (aurrekoan, 84.403). Batez beste, 1.656 euro ordaindu behar izan dizkio bakoitzak Ogasunari (aurrekoan, 1.662). Ordaintzeko emaitza izan dutenek 148.111.368 euro ordaindu dizkiote Ogasunari.
Datorren urtean, beste modu batera
2014ko urtarrilaren 1etik, EAJ, PSE eta PPk adostutako erreforma dago indarrean eta horren araberakoa izango da datorren urteko kanpaina.