Segurtasuna hobetzeko lanak egingo ditu Diputazioak bailarako bideetan

Julen Iriondo 2014ko uzt. 11a, 10:25

Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri du 9,3 milioi euroko inbertsioa egingo duela urte bukaera bitartean, gidarien, txirrindularien eta oinezkoen segurtasuna handitzeko. AP-1ean, GI-627an, Bergaran eta Antzuolan egingo dituzte hobekuntzak.

Hobekuntzetako bat izango dira bidegurutzeetan; bidegurutzea kendu eta biribilguneak egingo dituzte hainbat lekutan; tartean, Antzuolan eta Bergaran.
Antzuolan, GI-632 errepidean, Zupide baserri inguruan dira biribilgunea egitekoak: Inma Beristain alkatearen arabera, trazatu proiektua ezagutzeko zain daude Udalean, jakiteko ze lur eremu beharko den lanak egiteko.
Bergarako Udaletik adierazi dutenez, berriz, oraingoz ez dute Aldundiaren asmoen berririk –erredakzioa ixterako, Foru Aldunditik ere ez dute zehaztasun gehiago eman–. Bergaran, gainera, beste neurri batzuk ere badira hartzekoak, Aldundiak iragarri du-eta "zirkulazioa lasaitzeko" gauzatuko dituzten proiektuen artean Bergarako bat ere badagoela.  
Istripu ugariko guneetan, bestalde, arreta berezia jarriko du Diputazioak, eta horietan egingo dutena izango da: lurzorua hobetzea; zutikako nahiz margotutako seinaleak egokitzea eta berritzea; eta euste sistemak berritzea eta berriak jartzea. AP-1ean daude istripu ugariko tarte horietako batzuk. Radar berriak jartzeko ere eskatu diote Jaurlaritzari. Azkenik, motorzaleentzako hesiak jarriko dituzte GI-627an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak