Bere bezero diren enpresak finantzatzeko 1.000 milioi ipiniko ditu Laboral Kutxak

Leire Kortabarria 2014ko uzt. 9a, 13:29

Oscar Mugerza eta Josu Arraiza.

Laboral Kutxak enpresendako finantzazio-lerro berriak aurkeztu ditu gaur, eguaztena. Denetara, 1.000 milioi euro ipiniko ditu enpresendako.

Lerro berri horren helburua da Laboral Kutxako "bezeroen proiektu bideragarri guztiek finantzazioa lor dezaten", kreditu kooperatibaren esanetan.

Bezero bakoitzak 50.000 eta 500.000 euro arteko maileguak lor ahal izango ditu.

Laboral Kutxako arduradunek gaur prentsaurrekoan esan dutenez, lerro horiek enpresa-banku merkatuan berritzaileak dira. Batez ere enpresa txiki eta ertainak babestu nahi dituela esan du Laboral Kutxak.

"Guztiz finantzazio irekia"

Oscar Mugerza eta Josu Arraiza ordezkariek azaldu dutenez, finantzazioa "guztiz irekia" izango da eta askotariko helburuak izan ditzake: inbertsioa, likidezia, etxeko merkatua edo atzerrikoa, maileguak edo leasing-a, deskontua edo factoring-a… Laboral Kutxaren bezero diren eta "proiektu onak" dituzten ETE guztiendako da lerro berri hori; "batez ere, atzerrira joan diren eta prozesu produktiboak berritzen jakin izan dituzten edo formazioan eta ikerkuntzan inbertitu duten enpresendako", arduradunen esanetan.

Laboral Kutxak egindako azterketa baten arabera, 2014ko lehen hiruhilekoan enpresen %26k ez zuten finantzazioa lortzeko modurik, eta bakarrik %18k esaten zuten kanpo-finantzazioa lortzeko arazorik ez zutela.

Lurraldeka, honela banatuko da inbertsioa: 325 milioi euro Bizkaian; 250, Gipuzkoan; 150, Araban; 100, Nafarroan; eta 185, Laboral Kutxa dagoen beste lurralde guztietan: Gaztela eta Leon, Aragoi, Asturias, Kantabria eta Madril.

Produktu horren onuradun egiteko, enpresan espezializatutako 15 bulegoetako batera joan beharko dira bezeroak. On-line ere egin daiteke, webgune honetan: www.bancaparaempresas.com/financiacion-preconcedida.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak