Arrasatekoak lehenago ere eskuan zuen AEBtan egingo duten junior mailako Munduko Txapelketarako txartela, baina domekako markak berresten du Eugenen –Oregon– lan txukuna egin dezakeela [4.02 metroko marka du]. Eta bide batez, iaz Italian egindako [Rietin] Europako Txapelketak utzitako zapore gazi-gozoa ahazteko aukera izango du. Hala, Arrasateko harrobiko atleta datorren astean abiatuko da AEBtara, uztailaren 22tik 27ra bitartean egingo duten txapelketan parte hartzera.
Ruiz de Azuarekin batera, Maialen Axpek ere lan ona egin zuen Durangon egindako Promesen mailako Espainiako Txapelketan, urrea jantzita (3.85). Istar Dapenak, berriz, min hartuta hartu zuen parte, eta hala ere laugarren sailkatu zen (4.50).