Diputazioak, beraz, berretsi egin du joan den martxoan ezarritako 1,6 milioi euroko zigor proposamena, Jose Ignacio Alkorta Retegiren heriotza eragin zuen lan istripuarengatik.
"Arau hausteak agerian"
Foru Aldundiak dioenez, "Lapatza enpresa elkarteak laneko segurtasun eta osasun arloko lege, arau eta ohiko xedapenak ez dituenez bete, kontratuaren baldintza bereziak ez errespetatzeagatik aurreikusten den isuna jartzea erabaki du". Eta gaineratu du "arau hausteak agerian" geratu zirela Osalanek eta Lan Ikuskaritzak kaleratutako txostenetan, eta "froga nahikoa" direla horiek "Lapatza aldi baterako enpresa batasunak ardura izan zuela esateko.
Alegazioak ez onartu
Obren Segimendu Batzordeak martxoaren 27an proposatu zuen 1,6 milioi euroko isuna, eta Aldundiak zigor proposamena bideratu zuen.
Lapatza enpresak, horren kontrako alegazioak aurkeztu zituen, ardura hildako langilearen enpresa Aballa S.L.rena zela esanez. Aldundiak alegazioak aztertu ditu, baina ez ditu onartu, azalpenen arabera, "enpresa nagusiaren erantzukizuna" delako "azpikontratistak, enpresa nagusiaren lan eremuan lanean ari diren langileei dagokienez, lan arriskuen prebentziorako araudia betetzen duela zaintzea, betiere arau-haustea enpresa nagusiaren lan eremuan gertatu bada"; hau da, "enpresa nagusiaren obligazioa da bere jardunerako eta bere kontrolpeko produkzio eremuan lanean ari diren guztien segurtasuna bermatzea",
Segurtasunaren aldeko deia
Larraitz Ugarte bozeramaileak azaldu duenez, “obra hau egiteko pleguetan jartzen duena aplikatu dugu, zigor handia da eta espero dugu horrelakorik berriro egin beharrik ez izatea, izan ere, horrek adieraziko luke lan eta segurtasun baldintzak betetzen ari direla obra honetan eta, beraz, langileak segurtasunez ari direla. Espero dugu enpresa guztiek dagokion garrantzia ematea segurtasunaren gaiari eta era horretan lan istripuak gutxitu ahal izatea. Aldundiarentzat hasieratik oso garrantzitsua izan da lan arloko segurtasuna, herritarren ongizaterako ezinbestekoa baita arlo horretan erakundeek zorrotz jokatzea”. Era berean, gainerako erakundeei dei egin die lan segurtasunaren alde lan egin dezaten.