Beasain-Bergara autobide berriaren lanek errepide zaharrean eragin dute

Miren Arregi 2014ko uzt. 7a, 12:38

Deskarga eta Antzuola arteko Gipuzkoa-632 errepide zatian aldaketak eragin dituzte Beasain eta Bergara lotuko dituen autobide zatia eraikitzeko lanek. Alde batetik, paisaia erabat aldatu da eta bestetik, autobide berria egiteko lanek errepide zaharraren (GI-632) trazatua aldatzea ekarri dute puntu baten.

Deskarga gainetik Bergarara arteko (San Migel tunelera arte) errepide zatian, besteak beste, tunel bat eta bost zubibide eraikiko dituzte. Tunela Deskarga gainean egingo dute, Antzuolako bide zaharraren eta berriaren arteko lotunetik gertu.

Handik Bergarara arteko GI-632 errepidean, esandako moduan, bost zubibide (Ipurtika, Antigua, Lapatza, Antzuola eta Igeribarrerrota) eraikiko dituzte. Hori egiteko lanek zeharo aldatu dute hango paisaia eta ez hori bakarrik, izan ere, zubibide horietako bi, Lapatza eta Igeribarrerrota, errepide zaharraren gain-gainetik igarotzen dira. Lapatza eta Antzuola zubibideak amaituta daude dagoeneko.

Trazatua aldatuta

Bestetik, Beasain eta Durango lotzen dituen GI-632 errepidearen trazatua aldatu egingo dute, autobide berriaren lanek hala aginduta. Esandako moduan, Deskargako tuneletik metro gutxira egongo da errepide zaharra eta autobidea lotuko dituen biribilgunea, eta horrek Basaldeko bihurgune itxiaren trazatua aldatzea ekarriko du. Lan horiek egiten ari dira une honetan.

Hain zuzen ere, biribilgunearekin lotura egiteko, biragunea leuntzen dihardute. Puntu horretan, bestetik, egiten ari diren Beasain-Bergara autobide zatia GI-632 errepide zaharraren gainetik pasatuko da.

Lanak eraikuntza fasean

Aipatu moduan, GI-632 autobide berriko lanak eraikuntza fasean daude une honetan. Urretxu eta Antzuola arteko zatia Bidegi ari da eraikitzen. Lanak 2011ko uztailean hasi ziren eta 2014ko urrian bukatuko da obra zibila. Ondoren egin beharko da instalazioetako obra.

Zati horrek 2.800 metro izango ditu, norabide bakoitzean bi errairekin, eta zati horren ezaugarri nagusia da, hain zuzen ere, Deskargako mendatea saihesteko tunela. 708 metro luze da tunel hori.

Antzuola-Bergara zatia

Antzuola eta Bergara arteko zatia, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundia ari da eraikitzen. Zati horren ezaugarriei dagokienez, 4.800 metro luze da eta ezaugarri nagusia aipatutako bost bidezubiak edo biaduktuak dira. Antzuolako lotunetik (Deskarga gainean) hasita hiru bidezubi eraikiko dira: Ipurtika, Antigua eta Lapatza.

Bideak Deskarga ibaia saihestuz jarraituko du eta bi aldiz gurutzatuko du hura, Antzuola eta Igeribarrerrota biaduktuen bidez. Zati hori 2015eko apirilean bukatuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak