Helena Franco, Ogasun eta Finantza arduradunaren esanetan: "Emaitza oso ona izan da. 7.833 aitorpen aurkeztu dira eta 57 milioi euro bildu dira". Hala, Gipuzkoako Ogasunak aurreikusitakoa baino 11,2 milioi gehiago bildu direla eta aurreko urtean indarrean zegoen Ondare Zergarekin baino 18,4 milioi gehiago batu direla ere adierazi du Francok datuen berri emateko aurkezpenean.
Garitanok, eskerrak
Martin Garitano diputatu nagusiak, bestalde, eskerrak eman zituen: "Zerga honek gipuzkoarren %1 aberatsenari eragiten dio. Bereziki horiei eskertu nahi genieke, presio mediatiko eta politiko bortitzaren aurrean, eta deslokalizaziorako gonbidapen esplizituen gainetik, beren lurraldearekiko erakutsi duten konpromisoa. Azken finean denok ulertzen dugulako hori delako bide egokia: guztion artean, bakoitzak bere ahalmenaren arabera, lortuko dugu lurralde orekatuago bat eta gizarte juxtuago bat". Diputatu nagusiak gaineratu du sektore eta zerbitzu publikoa hobetzeko balioko duela emaitza honek, eta hori dela bere gobernuaren lehentasuna.