Vivaldi eta Bach-en obrak Bergarako Orfeoiarekin

Oihana Elorza Gorostiza 2014ko uzt. 4a, 11:57
Joan den asteburuan Oñatin egin zuten kontzertua.

Bach eta Vivaldiren pieza barrokoak eskainiko dituzte bihar, zapatua, San Pedro parrokian, Bergarako Orfeoiak eta Oñatiko Abesbatzak. Elkarrekin prestatu dute kontzertua. Sei hilabeteko lanaren emaitza izango da eta emanaldia egiteko "irrikan" daudela aurreratu du Bergarako Orfeoiko kide den Karlos Etxanizek.

Joan den asteburuan Oñatiko San Migel parrokian egin zuten kontzertu bera izango da bihar Bergarako San Pedro parrokian egingo dutena. Oñatiko eliza bete egin zen estreinako kontzertu horretan eta emanaldi "serio eta borobila" eskaini zutela esan zuen orduan Etxanizek. Vivaldiren Gloria eta Credo eta Bach-en Cantata 131 interpretatu zituzten, adibidez. Amaitzeko, Gounod-en Ave Maria abestu zuten.

Zapatuko kontzertua ere haren berdina izatea gura dute. Kontzertuan, 110 pertsonak osatutako korua arituko da kantuan, orkestrak 26 musikari izango ditu eta 45 bakarlarik abestuko dute.

Emanaldia 19:00etan hasiko da San Pedro parrokian bihar, eta sarrerak salgai daude. Kultura etxean, Lazkano zapata dendan eta Pikuperen bulegoan eros daitezke zortzi eurotan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak