Tabernetan egin den ekimenak, herritarren artean harrera ona izan du eta horien erabakiz Asier Unamuno eta Igor Narvaez gazte arrasatearrak izan dira irabazle, Filipinetara egindako bi bidaien kontakizunagatik. Bigarren saria Josu Velasco aretxabaletarrarentzat izan da, Uganda-Ruanda bizikletaz egindako bidaiagatik.
Esperientziadun bidaiariak
Aritz Unamuno eta Igor Narvaez irabazleek bidaiatzea gustuko dute, bi aldiz egon dira Filipinetan, abenduan eta apirilean. Bertan turismoa egiteaz gain, urpekaritza ere praktikatu zuten eta bertako jendea eta kultura ezagutu zituzten.
Unamumo Tailandia eta Vietnamen egona da, adibidez. Bidaiari sena dauka, eta etorkizun hurbilari begira ere baditu proiektu berriak gogoan. Filipinak garatu bidean dagoen herrialdea da, eta zonalde asko herritarrentzat iristeko zailak dira, ondorioz, turista kopurua ez da handiegia. Bertako herritarren harrera ona azpimarratu dute irabazleek, eta Aretxabaletan egindako aurkezpenarekin eta jendearen erantzunarekin ere pozik agertu dira.
Balorazio positiboa
Maider Etxaniz Aretxabaletako gazteria teknikariak adierazi duenez, ekimenaren emaitza oso ona izan da. Aurten lau diaporama ezagutzeko aukera egon da, iaz baino bi gutxiago. Guztira zazpi proiektu aurkeztu ziren.Herritarran harrera ona izan da eta tabernariak ere emaitzaren gustura daude. Saioetan izandako eskaintza aberatsa azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek, eta helburua bete dela adierazi dute, hau da, herritarrei bidaiatzeko aukeren berri ematea.