Elkarbizitzarako taldea sortu eta ekintzak prestatu dituzte Osintxun

Bergarako Udalak, Osintxuko Herri Batzarrak eta Emunek koordinatuta, jatorriz osintxuar direnen eta kanpotik etorritako lagunen arteko elkarbizitza lantzeko bilerak hasi ziren egiten maiatzean, auzotarren kezka eta nahi batetik abiatuta: azken urteetako gorakadarekin, Osintxun bizi direnen %20 dira etorkinak, eta elkarbizitzan nola aurrera egin landu nahi zuten.

Prozesu parte-hartzailea da maiatzetik egiten dihardutena, eta bilerotatik sortu da lantalde bat, aniztasuna ezaugarri duena, auzoan zenbait ekintza egiteko aurrerantzean, taldea osatzen duten bateko eta besteko auzotarren euren erabakiz.

"Bileretatik ateratako ondorio orokorra izan da ez dugula elkar ezagutzen", dio Bergarako Udaleko Ongizate saileko teknikari Idurre Amozarrainek. Elkar ezagutze horretarako oztopo, "hainbat beldur eta aurreiritzi" daudela detektatu zuten. Ondorioz, erabaki zuten "elkarguneak sortzea eta ekintza bateratuak egitea". Horretarako sortu zuten taldetxoa, eta ekintza-plana egin.

Ia 100 etorkin

500 bizilagunera iristen ez den auzoan, 100 inguru dira etorkinak. Horien artean, auzoan bikain txertatu direnak, Saliu Coma ganbiarra adibidez, bere esperientziarekin laguntzeko prest dagoena: "Iritsi eta bi hilabetera hasi nintzen euskara ikasten euskaltegian; bi urte egin nituen. Oso garrantzitsua eta oso aberasgarria izan da niretzat; jendeak ikusteko integratu nahi nuela. Afrikarrok badakigu nonbaiten integratzeko goazen tokiko gauzak gure bizimoduan txertatu behar ditugula, jendea nola bizi den ulertzeko, eta haiekin komunikatzeko".

Hala ere, oraindik ba omen dira, bai bertako, bai kanpotik etorritako, besteengana gerturatzea kosta egiten zaienak, eta bide hori leundu nahi dute oraingo ekimen honekin, Erik Cuevas auzotarrak azaltzen duen bezala: "Ekimen ona iruditzen zait, oraindik animatu ez direnak anima daitezen. Euren lekuan ere jarri egin behar da: datoz beste herrialde batera, beste jende bat dagoen lekura, eta nahiz eta gertuko jendea eduki, horrekin bakarrik ezin zara bizi, bizpahiru lagunekin. Bertako jendearekin ere lagun egitea eta herriko egitea garrantzitsua da; eta badago jendea pausotxo hori ematea falta zaiona, eta hori erraztea da kontua, erosoago bihurtzea, kalera jaisteko eta edozeinekin geratzeko, kafe bat hartzeko, berba egiteko edo edozertarako. 

Aurreneko ekintza, eginda

Honela, elkar-ezagutza eta elkarbizitza lantzeko sortutako lantaldeak ekintza-plana prestatu zuen, dagoeneko gauzatzen hasia dena: San Juan bezperan Senegalgo doinu eta dantzak izan zituzten plazan suarekin batera; hainbat herrialdetako jaki dastaketa egingo dute jaietan; eta Berbalagun bezalako ekimen bat ere badute martxan jartzeko asmoa.

Bertako zein kanpoko dantza ikastaroak eta kirol olinpiada antolatzeko asmoa ere agertu dute. Elkarbizitza lantzearekin batera, aniztasunak dakarren aberastasuna aprobetxatzea ere nahi dute horrela. Ekimenari jarraipena egiteko, hiru hilean behin bilera egitekoak dira Udalarekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.