Energian gutxiago gastatzeko Save to Compete programa aurrera eroango dute Gipuzkoako enpresek

Leire Kortabarria 2014ko uzt. 3a, 12:30

EDP Espainiako zuzendari korporatiboa, Javier Saenz de Jubera, eta Adegiko presidentea, Pello Gibelalde.

EDP energia-enpresak eta Adegik energia eraginkortasun proiektuak finantzatuko dituzte Gipuzkoako enpresendako, eta energian gutxiago gastatuz lehiakorrago izaten lagunduko diete. Hori lortu nahi dute gaur sinatu duten hitzarmenaren bitartez. Ekitaldian, Adegiko presidente Pello Gibelaldek energia zenbat garestitu zaien eta horri aurre egiteko neurriak hartzeko enpresek dituzten mugak salatu ditu.

Programak Save to Compete (lehiatzeko aurreztu) du izena eta EDP taldeak egin du enpresei laguntzeko. Energian inbertitzen dena proiektuaren bidez aurreztutakoarekin ordaintzen da. EDPk finantzazio-lerro espezifikoa ireki du programa horretarako.

EDPk esan duenez, Save to Compete-k doako txosten diagnostikoa egiteko aukera ematen die enpresei. Horrela, non aurreztu dezaketen jakin eta kontsumo zentzuzkoagoa egiteko aukerak identifikatu ditzakete enpresek. Hurrengo pausoa energia-auditoretza egitea da, eta baita negozio-plan bat ere. Azken pausoa proiektu bakar baten ordura arte landutako neurriak txertatzea da, giltza eskuan motako zerbitzu baten.

Enpresak, %75 gehiago ordaintzen

Hitzarmenaren berri emateko hitzaldia egin du Adegiko presidente Pello Gibelaldek, eta energiaren kostuaren gaineko datuak eman ditu. Elektraindarraren gainean, enpresek "oso influentzia txikia" dutela esan du. Gibelalderen esanetan, Gobernuak 2005ean hartu zituen erabakiek tarifaren defizita "handitu besterik ez dute egin", gaur egun ia 30.000 milioiko defizita. Datu hauek eman ditu: aurtengo lehenengo lau hilabeteetan, ia 2.684 milioiko defizita pilatu zen, 2013ko epe berean baino %40 handiagoa. Horrek prezioak igotzea dakar eta Euskadiko enpresak, "sarera konektatzeagatik bakarrik, beste lurralde batzuetako enpresek baino %75 ordaintzen" dabiltzala salatu du Pello Gibelaldek. Horren ondorioz, euskal industrien %60k %20 gehiago ordaintzen dute fakturetan, eta %10ek, %50 gehiago. Horrek "gero eta gehiago aldentzen" ditu Ameriketako, Asiako eta Europako lehiakideengandik.

"Nola lehiatuko da gure industria, energiaren inguruan hartzen diren neurriek gure lehiakortasunari min egiten badiote?", galdetu du Pello Gibelaldek. Enpresen "defentsa bakarra" barruko kontsumoa kudeatzea eta aurrezpen neurriak direla esan du; baina, aurrezteko teknologiak ipintzeko inbertsio handiak egiteko "unea ez dela" ere esan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak