Joxean Muñoz Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak aurkeztu zituen datuak Bilbon egindako agerraldian. Eusko Jaurlaritzak kultura sektorera bideratutako diru laguntzek gora egin dute; 2012tik %13 igo dira, sorkuntza eta produkzioa indartzeko lehentasuna erakutsi dute. Guztira hamalau deialdi egin dituzte aurten, eta helburua dute musika, dantza, ikus-entzunezkoak, antzerkia, artea eta literaturan burutzen diren jarduerak diruz laguntzea. Horiez gain, bi deialdi gehiago ere badaude, jarduera transbersalei eskainiak: Sormen Lantegien deialdia, uztailaren 16ra arte irekia dagoena eta Jaialdien deialdia, udazkenean argitaratuko dena.
Bereziki, dantzak %25eko igoera jaso du iaztik. Literaturak ere nabaritu du igoera, liburu salmentaren jaitsierari aurre egiteko. Kultura ondarearen zuzendaritzatik ere lau arlotara bideratu dira laguntzak: liburutegietan funtsak berritzeko deialdia 820.000 eurorekin lagunduko da eta liburutegietarako teknologia berrien deialdira 350.000 euro bideratu dira, izen ematea uztailaren bira arte egingo da. Museoak 600.000 eurorekin lagunduko dira eta irakurzaletasua sustatzeko 258.000 euro dituzte.
Kultura sustatzeko diru laguntza, deialdiak, zenbatekoak eta epeak
- Ikus-entzunezko sorkuntza, garapena eta ekoizpenerako deialdia: 1,8 milioi euro laguntzatan, uztailaren bederatzira arte.
- Sormen Lantegiak programa: 1.000.000 euroko laguntzak, uztailaren hamaseira arte.
- Dantza sustatzeko deialdia: 400.000 euro laguntzatan, uztailak hamaseira arte.
- Musika jarduera profesionala laguntzeko deialdia: 445.000 euro, uztailaren hamaikara arte.
- Literatura argitalpenak: 626.800 euro laguntzatan, ekainaren 30a arte.
- Euskadi Literatura Sariak: 150.000 euro, ekainaren 30a arte.
- Antzerki ekoizpenei laguntzak: 787.500 euro laguntzatan, ekainaren 30a arte.
- Kale Antzerkia Bultzatuz deialdia: 75.000 euro laguntzatan, ekainaren 30a arte.
- Arte Plastikoen eremuan jarduerak laguntzeko deialdia: 416.000 euro, uztailaren bira arte.