Mondragonen hezkuntza eredua, munduan

Leire Kortabarria 2014ko eka. 26a, 12:00
Saudi Arabian lau lanbide heziketa zentro gestionatzen ditu.

Mondragon Unibertsitatearen hezkuntza eredua munduko gero eta leku gehiagotan dago, Mondragon Educacion Internacional (MEI) proiektuaren bitartez. Gaur egun, arduradunek proiektu sendotutzat dute MEI. Bi unibertsitate eta lau lanbide heziketa zentro kudeatzen ditu, Kolonbian, Mexikon eta Saudi Arabian, eta beste herrialde batzuetara zabaltzeko asmoa dauka.

Mondragon Educacion Internacional 2009an sortu zuten, sozietate moduan, Mondragon Unibertsitateak eta Alecop kooperatibak, eta Mondragon Korporazioak bat egin zuen gero. Mundu osoan goi-hezkuntza erakundeak sustatzea zen helburua, eta hori, bi modutara: berriak sortuta edo zeudenetan parte hartuta. 

Unibertsitate globalak 

Beste edozein unibertsitate bezala, nazioartera irteteko prozesuan dago MU. Horrek hainbat modutara aldarazi du hezkuntza, MEIko zuzendari orokor Iñaki Pagonabarragak azaltzen duenez: "Ezagutza, gaur egun, leku guztietan dago. Ezagutza hori sare baten ipintzeko gai izateak izugarrizko abantaila emango ligukeela ikusi genuen". Edozein enpresari gertatzen zaion moduan, hezkuntza erakundeak ere globalizatu egin behar izan dira. Lehen ere beste unibertsitate batzuekin bazuen harremana MUk: ikasleen eta irakasleen elkartrukea, masterrak eta doktoretza programak konpartitzea… Baina horrek denak "ez zuen harreman estrukturalik sortzen" eta horixe zen MUk lortu nahi zuena.

Behar horri erantzuteko sortu zen MEI. 

Eredu erakargarria  

Beste herrialde batzuetan ere interesa zegoen MUren ereduarekiko, Pagonabarragak azaltzen duen moduan: "Mondragon Korporazioaren inguruan milaka bisitari izaten ziren, eta haiei beti gustatu izan zaie hemengo unibertsitate eta hezkuntza eredua, bai kalitatearengatik, bai enpresaren beharrekiko duen loturarengatik; eta kooperatiben inguruan sortzen den giza-aberastasuna ere gustatu izan zaie". 

Bestalde, atzerriko erakunde horiek ere behar batzuk zituzten, Iñaki Pagonabarragaren esanetan: "Erakunde horien esperientzia, ordura arte, hauxe zen: hornitzaileekin egiten zituzten proiektuak bazebiltzala hornitzaileak han zeuden bitartean, baina gero horrek denak indarra galtzen zuela". Hausnarketatik etorri zen erantzuna: "Zergatik ez muntatu han gure eredua eta gure ikastetxeak?" 2007an eta 2008an ibili ziren aukera hori aztertzen.

Euskaldunon balioak 

Ezarri den zentroetan, Mondragon zigilua duen hezkuntza eredua zabaltzen du MEIk. Pagonabarragaren esanetan, atzerriko erakundeek gehien apreziatzen dituzten balioen artean hauek daude: "Euskaldun guztion balio batzuk oso estimatuak dira: planifikazio-zentzua, seriotasuna, lan egiteko gaitasuna, zintzotasuna… Eta, zehazki, Mondragoni buruz, unibertsitateak enpresarekiko duen lotura estimatzen dute, unibertsitatea enpresaren beharrei begira egotea; izan ere, euren herrialdeetan, unibertsitatea eta enpresa bi mundu desberdin dira. Bestalde, hemen lana aurkitzeari ematen zaion garrantzia baloratzen dute. Hango unibertsitateek zenbat lizentziadun edo tituludun irten diren neurtzen dute; hemen garrantzitsuagoa da tituludun horietatik zenbat enplegatu diren. Eta, kalitate aldetik, erabiltzen den metodologia, konpetentzien araberako curriculuma, irakasleen rola aldatu izana… hori ere erakargarria egiten zaie".

 

Kolonbia: Unipanamericana 

MEIren lehenengo kolaborazioa Kolonbian izan zen. Izan ere, Alecopek 1996a ezkero zuen han ordezkaritza eta MEIrendako "oso ezaguna" zen Kolonbia. "Parean tokatu zen Kolonbiako konpentsazio-kutxa batek, Compensar izenekoak, Unipanamericana unibertsitatea bereganatu zuela.Eurek enpresei zerbitzua eman nahi zieten, baina unibertsitate baten bidez. MU ezagutzen zuten eta MUren eredua hara eraman nahi zuten; ez bere horretan eraman, baizik eta, oinarriak hartuta, hango eredua eraiki", gogoratzen du Iñaki Pagonabarragak. Horretarako, MUrekin kontatzea erabaki zuten, "ez bakarrik hornitzaile gisa, baita unibertsitatearen gestioan parte hartuz ere". Hala, 2008ko bukaeran hitzarmena egin zuten biek. 

Gaur egun ere kudeaketa horrekin jarraitzen du MEIk. Aldaketa batzuk izan dira tartean, Iñaki Pagonabarragak azaltzen duen moduan: "Hasieran, lau urtean gure langileak izan ziren Kolonbian bizi izaten eta lanean. Gaur egun bakarra dago, izan ere, helburua ez zen gure jendea han geratzea, baizik eta hango jendea jabetzea ereduarekin". MEIren ordezkariak bi erakundeek dituzten fundazioetan, unibertsitatearen helburuetan eta hausnarketa estrategikoetan hartzen du parte.

Bestalde, titulu berriak ematen hasi da –ingeniaritzan, enpresa kudeaketan eta komunikazioan–, curriculuma garatu da eta hezkuntza ereduaren ezarketa landu dute.

Unipanamericanak 3.000 ikasle zituen; gaur egun, 8.500 ditu, eta 2019rako 12.000 izatea espero du. Gainera, bere plan estrategikoan dago ordezkaritzak irekitzea Kolonbiako hainbat eskualdetan. Gaur egun, Bogotan, Calin, Villavicencion eta Cartagenan ditu unitate operatiboak.

Mexiko:
UCO-Mondragon 

Kolonbiako esperientzia sendotu eta gero, beste herrialde batera joan nahi zuen MEIk, eta Mexiko aukeratu zuten. 2013an, Queretaroko Universidad Contemporanearekin (UCO) hitzarmena egin zuten. Zentro txikia da, oso herrialde polarizatu baten: 2.173 unibertsitate pribatu ditu, eta bakarrik horietako 36k dute Bikaintasun Akademiko ziurtagiria, tartean UCOk. Hitzarmena egin zutenean, unibertsitate hori berritu nahi zuten arduradunek, eskaintza akademikoa handitzeko.

Gaur egun, UCO-Mondragon deitzen da. Oraindik txikia da, 500 ikasle ditu eta bederatzi gradu ematen ditu. MEIko zuzendariak dioenez, toki arazoak ditu; Queretaro erdian dago eta campus berria egiteko plana egin zuten, hiri kanpoan, Ciudad Maderasen, zehazki; abuztuan entregatuko diete eraikina eta irailean, ikasturte berriarekin batera inauguratuko dira.

Beste era honetara ere berritzen joan da zentroa, Pagonabarragaren azalpenaren arabera: "Unibertsitateak enpresarekiko duen lotura handitu nahi dugu. Gaur egun, ez du ingeniaritzarik ematen, baina gure asmoa da enpresen erreferente bihurtzea, administrazioko ikasketez gain ingeniaritzak ere eskainiaz. Datorren ikasturtean, hiru ingeniaritza ematen hasiko gara". Zehazki, Mekanika, Elektronika eta Industria Antolakuntzako Ingeniaritzak emango dituzte; eta, hurrengo urteetan, Informatika eta Industria Diseinuko Ingeniaritzak. Gaur egun ematen dituenak alor hauetakoak dira: Diseinu Grafikoa, Gastronomia, Zuzenbidea, Psikologia eta Enpresa Administrazioa.

Berrikuntza horiek emango dioten bultzadarekin, 2019rako 4.000 ikasle inguru izango ditu UCO-Mondragonek, MEIren esanetan.

Saudi Arabia:
Lanbide Heziketa zentroak 

Bere lan-eremu gisa, Latinoamerika lehenesten zuen MEIren hasierako plan estrategikoak; baina, MEI sendotzen joan den neurrian, beste aukera batzuei eutsi ahal izan die. Horren adibide da Saudi Arabiako esperientzia. Gaur egun, Lanbide Heziketako lau zentro kudeatzen ditu MEIk herrialde horretan, zehazki Muhayil, Umluj eta Al Wasjh hirietan.

MEIko zuzendari orokor Iñaki Pagonabarragak honela laburtzen du proiektu hori: "Saudi Arabia ez da hezkuntza munduan oso ezaguna, baina, 2002a ezkero, ikasleen profesionalizazio plan handi bat dabil aurrera eroaten. Hala, 2013 eta 2018 bitartean 100 ikastetxe eraiki nahi dituzte, eta hezkuntza profesionala indartu nahi dute. Horretarako, mundu osoko eredu onenak han ezarri nahi dituzte". 

Hango agintariek jarraitzen duten eredua hauxe da: eraikina eurek egin, baina kudeaketa lizitaziora atera. Halako lehenengo bolada 2013an izan zen: "Hamar ikastetxe atera ziren lizitaziora, eta parte hartzea erabaki genuen. Guretako erronka ere bazen: hezkuntzako eragile guztiak horretan dabiltza eta, bestetik, eskaintza ingelesez egin behar zenez, beste aurrerapauso bat zen. Azkenean, ikastetxe bat adjudikatu ziguten; lizitazioan parte hartu zutenen artean, anglofono ez ginen bakarrak izan ginen".

Lehen adjudikazio hori Muhayil hirikoa izan zen, Saudi Arabiako hego-mendebaldean.

Beste lizitazio bat aurten izan da: 26 ikastetxe lizitatu zituen gobernuak, eta 300 enpresa eta erakunde aurkeztu ziren; MEIri hiru adjudikatu zizkioten, gizonezkoendako bi zentro eta emakumezkoendako bat.

Adjudikazio horiek orain dela gutxikoak direnez, oraindik langile dezente ditu MEIk Saudi Arabian: "Batez ere zuzendaritzako postuetan eta koordinazio lanetan dago Arrasateko eta inguruko jendea, 12 bat. Denetara 90 bat langile dira. Irakasle asko amerikarrak, ingelesak, kanadarrak… dira". 

Arabiako zentroetako lanak Arrasaten ere sortu du lana eta aberastasuna: "Hemen ere hainbat jende dago Saudi Arabiako eskoletarako materiala prestatzen, eta lanean dabiltzan horien artean ikasle batzuk ere badaude", esaten du Iñaki Pagonabarragak.

----------

Iñaki Pagonabarraga (MEIko zuzendari orokorra): "Ezagutza sarean jartzeak abantaila handia emango zigula ikusi genuen"

Hezkuntza ere globalizatu egin da. Ze aldaketa ekarri ditu horrek?  Beharrak aldatu egin dira. MUren zereginetako bat enpresei irtenbideak ematea da. Enpresak, gaur egun, ez daude bakarrik Arrasaten; orain Txinan, Mexikon… ere badaude. Hortaz, enpresei erantzuna ematea ez da bakarrik hemen ematea erantzun hori, baizik eta enpresek izan duten globalizazioan ere laguntzea. Ezagutzarekin gauza bera gertatzen da: ezagutza, lehen, norberak zuen; gaur egun, alde guztietan dago. Ikusten genuen ezagutza hori sarean jartzeko gai baginen, izugarrizko abantaila emango ligukeela horrek.

Ze alde on ditu MEIk Mondragon Unibertsitatearendako? Sare bat osatzeko aukera: elkarlana, ikasleen eta irakasleen trukea, programak eta ikerketa-proiektuak konpartitzeko eta elkarrekin erreminta berriak sortzeko aukera, titulazio anizkoitzak eskaintzea… 

Eta MUko ikasleendako? Hango zein hemengo ikasleei formazio sakonagoa eman nahi die. Kolonbiarekin egon dira ikasle-elkartruke batzuk; hemengo ikasleek Mexikon praktikak egiteko aukera lantzen gabiltza; eta Arabian ere interesa dute Arrasateko ikasleekin elkartrukeak egiteko. 

Berezitasun bat badu MEIk: beste unibertsitate horien diseinu metodologikoan eta gestioan parte hartzen du. Nola? Master batzuk konpartitzeak edo ikasleak trukatzeak ez du harreman estrukturalik sorrarazten. Beharrezko ikusten genuen, horiek sortzeko eta gure eredua herrialde horietara eramateko, guk kudeaketan parte hartzea, unibertsitate horren zati bat gu izatea eta gu inplikatzea haien jabegoan eta beste arlo batzuetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak