Frackingaren aurkako lan taldeak sortu dituzte Gipuzkoan

Bergaran, Kultur etxean, aurkeztu zuten atzo Gipuzkoako Fracking Ez! taldea. Helburua da Gipuzkoako herri desberdinetan batzordeak sortzea, Bizkaian eta Araban orain arte egin den bezala. Herri Ekimen Legegilea aurkeztu nahi dute Eusko Legebiltzarrean, horretarako sinadura bilketa martxan da. Dagoeneko 25.000 sinadura inguru batu dituzte.

Fracking-a gasa ateratzeko teknika bortitza eta kutsakorra da, eta Euskal Autonomia Erkidean esplorazioak egiteko baimenak eskatu dituzte zenbait enpresek, besteak beste, SHESA, Petrichor Euskadi Coöperatief, Cambria eta Frontera Energy Co. Gipuzkoan eragina izango du, eta Debagoienean Sustraia izeneko gunea aztertzeko baimena eskatu dute, Debagoieneko herri guztiak biltzen ditu, Leintz Gatzaga ezik. Hala ere, Leintz Gatzaga Mirua izeneko gunearen barnean kokatzen da, eta bertako lurrak aztertzeko eskaria eginda eta baimenduta dago.

Gipuzkoako herritarrak hasi dira batzordeak antolatzen, "Fracking ez! Ez hemen, ez inon" lelopean. Bi hilabetetan 15 herrietara zabaldu dute informazioa, eta sinadura bilketa martxa jarri dute. Hasieran, helburua zen 30.000 sinadura lortzea Parlamentuan aurkeztu ahal izateko. Egun, muga hori gertu ikusten dute, eta sinadura kopuru handiagoa lortu nahi dute.

Bizikleta martxa

Fracking Ez! mugimenduko kideek bizikleta martxa antolatu dute  ekainaren 30etik uztailaren 5era arte. Helburua da herriz herriko ibilbidea sortzea eta bidean sinadurak biltzen joatea. Egunean hogei kilometro egiteko asmoa dute, eta modu ludikoan aldarrikapena eta sinadura bilketa burutzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.