2012tik 2013ra bitartean oso gutxi handitu da, hala ere. Horiek dira Caritasek 2013ko Memorian batu dituen datuetariko batzuk. Txostena joan den eguaztenean aurkeztu zuten Caritas Gipuzkoako zuzendariak, José Ramón Aramendik; elizako ordezkariak, Xabier Andonegik; Caritas Gipuzkoako idazkari orokorrak, José Emilio Lafuentek; eta administratzaileak, Kontxi Elexpek.
Argi utzi zuten laguntza premia handiagoa igarri zutela. Hala, Gipuzkoa osoan 2,76 milioi euro eman zuten bizi irauteko eta etxebizitzarako gastuetan; azken bost urteotan %72,19 handitu da kopurua. Horrez gain, 29.306 lagun atenditu zituzten, orain bost urte baino %48,50 gehiago. Iaztik hona oso gutxi handitu da kopurua, baina, ordezkariek esan dutenez, "gastua 500.000 euro baino gehiago gehitu da" eta honela irakurtzen dute datu hori: "Familiek zailtasunak dituzte egoera honetatik irteteko, aurrezkiak agortuz doaz eta familien koltxoia ahultzen ari da".
Estalitako gastuen artean, etxebizitzako gastuak daude –elektraindarraren fakturak edo komunitateko gastuak– eta baita bestelako gastuak ere, hala nola "seme-alaben eskolako irteerak", arduradunen esanetan.
Neguko aterpeak, urte osoan
Caritasek nobedade batzuk iragarri zituen: neguko aterpetxeak urte osoan irekiko ditu, eta emakumearen duintasuna promozionatzeko inguruko proiektu berria, Miriam izenekoa.