Beñat Aginagaldek ukatu egin du Isaias Carrasco hil izana

Goiatz Arana Begiristain 2014ko eka. 18a, 12:47
Auzitegi Nazionalean ari dira egiten gaur, eguaztena, epaiketa. Luis Barroso fiskalaren behin behineko ondorioen idatziak jasotzen duenez, su-armak izatea eta hilketa terrorista egin izana egozten diote. Aginagaldek, baina, ukatu egin du hilketaren egilea denik; egun horretan, Donostiako EHUko Medikuntza Fakultatean azterketa bat egiten izan zela esan du.

EFE agentziak kaleratutako informazioaren arabera, fiskalak 32 urteko kartzela zigorra eskatzen du Beñat Aginagalderentzat. Asti komandoko kide izatea egozten diote –nahiz eta ikerketaren arabera, bere kabuz jokatu zuen– eta bi delitu: su-armak izatea eta hilketa bat egin izana.

Beñat Aginagaldek ukatu egin du, ordea, PSE-EEko zinegotzi Isaias Carrasco hil izana eta orduan ETAko kidea zenik ere ezeztatu egin du epailearen aurrean.

2008ko martxoaren 7an hil zuten Arrasatekoa. Lanera joateko etxetik irten eta autora sartu berri zenean tirokatu zuten ETAko kideek, San Andres auzoko Navas de Tolosa kalean; hiru bala jaso zituen etxe atarian, senitartekoen aurrean. Eguerdiko ordu bietarako minutu gutxi batzuen faltan ingresatu zuten Arrasateko Ospitalean, baina ezin izan zuten ezer egin; berehala hil zen. Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainan gertatu zen erailketa, botoa ematera joateko bi egunen faltan.

Isaias Carrasco zinegotzi izan zen Arrasateko Udalean, PSE-EEtik, 2003tik 2007ra bitartean, eta hil zutenean AP-1 autobideko ordainlekuan egiten zuen lan. 42 urte zituen eta hiru seme-alaba.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak